• 1
  • 2
  • 3

Iazko martxoaren 8an bezalaxe, mugimendu feministaren barruan grebaren izaera mistoari buruzko eztabaidak mahai gainean jarraitzen du. Aurten indarkeria matxistaren eta justizia patriarkalaren aurkako eta emakumeon eskubideen aldeko mobilizazio erraldoiek aztarna sakona utzi dute. Horrenbestez, zenbait sindikatuk hurrengo martxoaren 8an, oraingoan bai, grebara deitu egin dute. Zalantzarik gabe, horrek gure borroka indartu egingo du. Baina, zoritxarrez, beste zenbait sindikatuk emakumeei bakarrik egin diete antolatutako mobilizazioetan parte hartzeko deia. Aske eta Borrokalariok, erakunde moduan, uste dugu akats larri bat dela hori.

 

Argi eta garbi daukagu emakumeok garela mugimendu honen gidariak, protagonistak eta bultzatzaileak, bai munduan osoan zabaltzen ari den oldarraldi feministan, baita M8ko greba orokorrean ere. Baina guretzat, feministak, antikapitalistak eta iraultzaileak garenontzat, emakume langileon eskubideen aldeko borroka, genero kontua izateaz gain, klase kontua ere bada. Sistema kapitalistaren azpian, denak ez gara berdinak, nahiz eta emakumeak izan. Ba al dugu zer ikusirik emakume eta gazte langileok Ana Patricia Botin edo Inés Arrimadarekin? Ezertxo ere ez!

Emakume izateak ez gaitu barrikadaren alde berean jartzen besterik gabe. Emakume pribilegiatu eta aberats gutxi horiek, sistemaren eta austeritateko politikaren defendatzaileak, ez dira gure aliatuak. Haiek ere gehiengoak jasaten dugun opresioaren erantzule dira, oinarrizko eskubide sozialen aurkako politikak defendatu baituzte. Zer egin dute emakume horiek gu askatzeko? Juana Rivas bere semeak erasotzailearengandik defendatu nahi izateagatik zigortzen duen sasijustizia babestu dute; haur eskolen finantziazioa itxi dute, emakume langileok enpleguari uko egin eta seme-alaben ardura har dezagun; diru-laguntzak murriztu dizkiete indarkeria matxistaren biktimei; etxerik eta inongo babes ekonomikorik gabe utzi dituzte seme-alabak dituzten emakumeak. Bai, emakume aberats horiek matxismoa erreproduzitzen dute, eta emakume gehienon aurka berau erabiltzen dute haien pribilegio ekonomikoak eta boterea defendatzeko.

Aske eta Borrokalariak plataformak ez du zerikusirik sistema kapitalistaren balore matxistak eta patriarkalak erreproduzitzen dituzten emakume horiekin. Gure zapalketa zuritu egiten dute, nahiz eta begizta morea eraman paparrean. Hor daude PPko emakume buruzagiak abortu eskubidearen aurka hizketan eta genero indarkeriaren ordez, etxeko indarkeriaz hitz egiten. Hor daude Cseko emakumeak haurdunaldi subrogatua defendatuz, emakume pobreek haien gorputzak saldu eta haurrak izan ditzaten familia aberatsentzako. Guk pairatzen dugun eguneroko indarkeriaren aurka egin duten milioika emakume horiekin bat egiten dugu, heldu den martxoaren 8an, beste behin ere, indarrez kalera aterako direnekin.

Halaber, gure ikasgeletako kideekin ere bat egiten dugu, gure ondoan egon dira LOMCEren eta errebalida frankistaren aurka, unibertsitate publiko, kalitatezko eta doakoaren alde eta “La Manadaren” epai nazkagarriaren aurka. Bat eginda gaude pentsio duinen alde kalera atera diren gizon-emakumeekin; haiek ere gure ondoan egon ziren iazko azaroaren 14ko greban ikasgeletako matxismoaren aurka. Bat eginda gaude Marea Berdean parte hartu duten irakasleekin, taxi gidariekin, Coca Colan borrokan diren Espartanoekin, PAH edo Hipotekak Kalteturikoen Plataforman aritzen diren gizonezkoekin, Marea Zuriarekin, gurekin batera Gallardonen abortuaren erreformaren aurka atera zirenekin, LGTBIkoen eskubideen alde ari direnekin.

Nazioarteko esperientziak erakutsi bezala, zapaldu guztion batasuna behar dugu matxismoarekin amaitzeko: Google edo McDonalsen izandako zapalduenen eraso sexualen aurkako borroketan gizonezkoek ere parte hartu zuten, eta grebak indartsuago bihurtu ziren. Glasgowen, sektoreko publikoko emakume langileek garaipen handi bat lortu zuten, besteak beste, langileak sexuaren arabera zatikatzeko maniobrak gainditu zituztelako, denen indarrak batuz. Adibide hauek guztiek erakusten dute gure zapalketa bukatuko bada, langile eta gazte guztien batasuna beharrezkoa dela, gure eskubideen alde defentsan gai direlako dena gelditzeko.

Gure ikasgeletako eta laneko kideek ere defendatzen dituzte gure eskubideak, gure klasearenak eta, beraz, emakume eta gazte langileonak ere. Haiek ere gure borrokan lagun ditugu, eta gure ondoan nahi ditugu gure aldarrikapenak defendatuz, greba eginez eta manifestazioetan parte hartuz. Haiek ere, guk bezalaxe, sistema bidegabe hau gainditu eta diskriminaziorik eta zapalketarik gabeko jendartea nahi dute. Horrenbestez, ongi etorri borrokara!

Martxoaren 8an dena gelditu nahi dugu. Horregatik, Aske eta Borrokalariak plataformakook ez diegu eskatuko eskoletan apunteak hartzeko edo gure lanpostuak ordezkatzeko. Dei egiten diegu greba orokor feministan parte hartzeko. Gurekin batera, ikasgelak eta lantokiak geldi ditzaten, kalera atera daitezen indarkeria matxistaren aurka, emakume langileen eskubideen alde, eta kementsu parte har dezaten estatu osoko elkarretaratze eta manifestazioetan.

Heldu den martxoaren 8an, denok, emakumeok eta gizonezkoak, mobilizazioetara!

 

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu