Errepresio frankistaren aurka eta erabakitzeko eskubidearen alde

Elkartasuna Catalunyako gazte eta langileekin!

Volem Votar!

Irailaren 28an Ikasle Greba Orokorra!

 IMG-20170922-WA0016

 

Alderdi Popularrak eta diktadura frankistaren oinordeko den Estatu aparatuak errepresio ofentsiba ikaragarria gauzatzen ari dira herri katalanaren eskubide demokratikoen aurka: indar polizialak masiboki Kataluniara bidaltzea; orri, kartel eta boto-paperak konfiskatzea, ekintzaileak atxilotzea, inprenten eta komunikabideak erregistratzea, zentsura informatiboa, ekitaldiak debekatzea Katalunian, Madrilen eta Euskal Herrian, mehatxu penalak alkate eta boluntarioei… Hori guztia nahikoa ez eta PPk Generalitateko 13 kargu atxilotu ditu, Governaren kontuetan esku hartu du eta praktikan Estatuta eta Catalunyaren autonomia kendu ditu.

PPren gobernua frankismoko metodo berberak erabiltzen ari da, milioika katalanek duten erabakitzeko eskubidea, independentziarako eskubide legitimoa barne, indarrez zapaltzeko asmoz. Horretarako, Ciudadanosen eta PSOEko zuzendaritzaren babesa dauka, baina baita EAJrena ere. Keinu hipokritez haratago, EAJk Rajoyren gobernu ahula salbatu zuen aurrekontuen itunarekin, langile klasearen eta gazteriaren aurkako erasoekin jarraitzeko, eta orain Catalunyako errepresioaren konplize da.

Horrek argi eta garbi erakusten du zein aldetan dagoen eta zer defendatzen duen EAJk. Gu ez gara EAJren eskuinaren menpe jarriko, ezta oligarkia kataluniarraren eta bere alderdia den PDeCATen menpe ere. Zapalkuntza eta esplotazio kapitalistarekin amaituko duen errepublika kataluniar bat nahi dugu, sozialista, gehiengo zabalaren onuran gizartea eraldatzeko balioko duena. Euskal Herrian ere zapalkuntza nazionaletik aske bizi nahi dugu, esplotaziotik, prekarietatetik… aske. Hori ez dugu inoiz lortuko Puigdemont edo Urkullurekin aliatuz, langile klasearen eta gazteriaren mobilizazioarekin baizik.

Denok kalera: asanbladak eta geldialdiak institutu eta fakultateetan

Milaka pertsonek Catalunyako plazak eta kaleak hartu dituzte eta herri katalanaren aldeko mobilizazioak antolatzen ari dira Euskal Herrian zein Estatu mailako lurralde guztietan. Hori da bidea. Langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masiboarekin bakarrik lortu ahalko dugu benetan gure erabakitzeko eskubide legitimoa.

Catalunyarekin elkartasuna adieraztea gure eskubide demokratikoak defendatzea ere bada. Horregatik Ikasle Sindikatutik dei egiten diegu Euskal Herriko gazteei eta ezkerreko ikasle erakunde guztiei baturik erantzun dezagun. Gure institutu eta fakultateak zutik jarri behar ditugu, borrokarako prest, asanblea masiboak antolatuz eta komiteak sortuz errepresioaren aurka eta erabakitzeko eskubidearen alde, geldialdiak, kontzentrazioak eta deitzen diren mobilizazioak zabaltzeko… eta denok batera erantzun masibo bat eman dezagun datorren irailaren 28an ikasle Greba Orokor batean, ikasgelak hustuz eta kaleak aldarri honekin betez: Askatasuna herri katalanarentzat, errepresio frankistarik ez.

Denok grebara eta mobilizazioetara!

Bilbo Plaza Eliptikoan 12:30tan

Donostia Bulebarrean 12:00tan

Gasteiz Andra Mari Zuria 12:30tan

Iruñea Ajos Plaza (Alde Zaharra) 18:00tan

Jaitsi hemendik eskuorria

RocketTheme Joomla Templates