• 1
  • 2
  • 3

Edozein zapalkuntzaren aurka, borroka da bide bakarra!

solidarity-lgbt-130616Ekainaren 12ko gauean, AEBen historian izan den hilketarik okerrena bizitu zuen Orlandok: 50 pertsona hil eta 53 zauritu izan ziren hiriko lokal gay batean, ustez, Estatu Islamikoak bere egindako tiroketan. Hiltzaileak hiru orduz atxikirik izan zituen bizia galtzeko beldur ziren ehunka pertsona; delitu bakarra beren orientazio sexuala. Ikasle Sindikatuak erabateko elkartasuna eta babesa eman nahi die biktimen senitartekoei, une lazgarri hura bizi izan zutenei eta momentu gogor hau pasatzen ari den LGTB (lesbiana, gay, transexual eta bisexual) komunitate osoari.

Gaur mundu osoko milioika gazte eta langile gaude beren ondoan, haserre, 2016an, oraindik, gure askatasun eta eskubideak erasotzen dituzten halako tragediak bizi behar ditugulako.

Kapitalismoa zapalkuntza da

Barack Obama AEBetako presidenteak eta bere modukoek “terrore eta gorrotozko ekintzatzat” hartzen dituzte halako gertakari ankerrak, baina ezin ditugu ahaztu beraiek sustatu dituzten ekintzak; AEBetan eta mundu osoan gazte eta langileen eskubide eta askatasunak ukatzen baitituzte. Barack Obama, Hillary Clinton, Donal Trump… guztiek erakutsi dute sarraski honengatik sentitzen duten mina, baina “askatasunaren defentsaz” duten ikuspuntua aldatu egiten da zapalkuntza eta diskriminazioa sufritzen duenaren arabera. Badirudi ahaztu dutela multinazional handien interes ekonomikoak defendatzeko Ekialde Hurbilean sortu dituzten gerren ondorioak sufritzen dituzten ume, adineko, gizon eta emakumeak.

Era berean, AEBren mugen barruan, latinoek, beltzek eta arabiarrek sufritzen duten polizia jazarpena ere ahaztu dute; azken urteetan, asko izan baitira polizien eskuetan hil direnak. Jakina, etorkizun hobe baten esperoan bizia arriskuan jarri eta Mexiko eta AEBren arteko muga zeharkatzen duten etorkinen askatasun eta eskubideak ere ahaztu dituzte. Zer esanik ez eliteen onurarako egin diren politiken ondorioz, hezkuntza eta osasun publikorik gabe eta lan-ziztrina egiten AEBetan pobrezian bizi diren 45 milioi pertsonei buruz. Horien askatasunak ere bost axola.

Sistemaren defendatzaileen moral ustela

Hori da AEBtako agintari politikoen moral ustela. Hemengo eskuinaren moral berbera da. Cristina Cifuentesek, talde faxistei Madrilen manifestazio arrazistak eta homofoboak egiteko baimena eman dien berberak, orain negar egiten du sare sozialetan Orlandon gertatutakoagatik. Sinestezina da berari gogorarazi behar izatea bera bizi den hirian, duela gutxira arte Gobernuko ordezkari izan den hirian eta berak gobernatzen duen erkidegoan, eguneroko kontuak direla neonazien eraso homofoboak.

Ikasle Sindikatuak gogor salatu nahi du beren ekintzekin mundu osoko milioika pertsonen zapalkuntza eragiten duten horien jarrera hipokrita. Ez hori bakarrik, gazte eta langileok jasaten ditugun gorroto eta fanatismoa sustatzen dituzten politika kriminalak ere salatu nahi ditugu. Gaur Orlando izan da, baina atzo Brusela, Paris, Madril edo Fergusongo auzo pobreak izan ziren. Gaur inoiz baino garbiago dago edozein zapalkuntzatatik askatzeko eta eskubideak benetan defendatzeko bide bakarra langile klasearen eta gazteriaren borroka dela sistema kapitalistaren aurka; pobreziara, prekarietatera askatasun eta eskubide demokratiko ezara kondenatzen gaituztenei aurre egitea dela bidea. Hau da, billeteen koloreko morala dutenei aurre eginez soilik bizi gaitezke inoren duintasun eta bizitza zapaltzen ez den gizarte justu, demokratiko eta sozialista batean.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu