2,4 milioi ikasle baino gehiago greban Euskal Herrian, Catalunyan, Galizan eta Estatuan!

ikasle sindikatua abril 16Apirilaren 13 eta 14ko ikasle greba kolpe gogorra izan da PP eta EAJren hezkuntza politikentzat. Euskal Herriko, Catalunyako, Galizako eta Estatuko institutuak eta fakultateak masiboki itxi dituen greba arrakastatsuan argi geratu dira gure eskaerak: LOMCE eta 3+2 indargabetzea eta murrizketen, irakasleen kaleratzeen, euskararen aurkako erasoen edota unibertsitatetik eta LHtik kanporatzen gaituzten tasen amaiera. Euskal Herriaren kasuan, milaka izan gara greba egin dugunak hainbat institutu eta fakultateetan, eta 8.000 ikasle inguru izan gara Bilbo, Donostia, Iruñea eta Gasteizko manifestazioetan parte hartu dugunak.

 

Ikasle batasunaren indarra

2,4 milioi ikasle baino gehiago izan gara bi greba jardunaldi hauetan greba egin dugunak, eta ehunka mila izan gara kalera atera garenak bereziki borrokalariak izan diren 100 manifestazio baino gehiagotan. Euskal Herriko 8.000 manifestariri Catalunyako 12.000, Galizako 5.000 eta Estatu osoan ateratako ehunka mila gehitu behar zaizkie. Mobilizazio garrantzitsua izan da, eskuina garaitzeko denboran luzatu behar den borrokaren hasiera izan behar dena.

Hainbat ikastetxetan greba eta mobilizazio eskubidea oztopatzeko saiakera ugari egin dituzte PP eta EAJri lotuta dauden zuzendaritzek eta konfusioa sortzeko LOMCE “paralizatuta” dagoela zabaldu dute hainbat politikari eta komunikabidek, baina trikimailu guzti hauek ez dute lortu hezkuntza publikoaren aldeko gazteriaren borroka geratzea. Manifestazioetan ozen aldarrikatu dugu ez ditugula PP eta EAJren neurri pribatizatzaileak onartuko. Langile klasearen seme-alaboi oztopatu egin nahi digute irakaskuntza publiko, doako eta euskalduna izateko eskubidea eta unibertsitatera heltzeko bidea itxi nahi digute.

Argi eta garbi esango dugu. Ikasle Sindikatuak eta Euskal Herria Sozialistak ez dugu onartuko elite pribilegiatuaren aldeko politikarik. Badakigu hauen jokaera zein den: guri dirua lapurtu eta paradisu fiskaletara eraman. PP, PNV, Ciudadanos eta PSOEren zuzendaritzak babesten duten gutxiengo hori da hezkuntza publikoa suntsitu nahi duena eta langabeziara, prekarietatera, soldata miserableetara eta atzerrira joan behar izatera kondenatu nahi gaituena. Nazioarteko Diru Funtsak atzo iragarri zuen Madrilgo hurrengo gobernuari murrizketa berriak eskatuko dizkiola. Lotsagarria da! Miserian ondoratu nahi gaituzte! Baina ez dugu onartuko!

Gazteriaren indar antolatua oinarrizkoa da eraso guzti hauei aurre egiteko eta murrizketak atzera botatzeko. Oraindik ez dakigu zein izango den Madrilgo hurrengo gobernua. Baina argi daukagu, gobernatzen duenak gobernatzen duela ere, irakaskuntza publikoa eta gure eskubideak defendatzen jarraituko dugula. Datorren gobernuak azken urteetako erasoekin eta murrizketekin jarraitzen badu, aurrean izango gaitu, mobilizatuta eta borrokarako prest. Ez gara geldituko irakaskuntza publikoa eta gure ikasteko eskubidea suntsitzeko estrategia garaitu arte.

Eskerrak eman nahi dizkiegu azken asteetan Euskal Herriko eta Estatu osoko institutuetan eta fakultateetan 250.000 eskuorri baino gehiago banatu, 60.000 kartel baino gehiago jarri eta ehunka batzar antolatu dituzten kideei. Beraiek izan dira arrakasta honen oinarria. Euskal Herriaz gain, Catalunyan eta Galizan jasotako babesa eskertu nahi ditugu bereziki. Estatuko ikasleekin gure indarrak elkartuz, PP, EAJ eta Convergenciaren aurkako nazio zapalduetako ikasleon borrokak erakusten du klase berdinekoak garela: langile-klasearen seme-alabak.

Bukatzeko, atzoko manifestazioetan esandakoa azpimarratu nahi dugu: gure babesa Ipar Euskal Herriko eta estatu frantziarreko ikasleen borroka eredugarriari, eta gure elkartasun osoa Europara etortzen ari diren errefuxiatuei. Europa kapitalistako gobernuen biolentzia, errepresioa eta arrazismoa jasaten ari zareten gure anai-arreboi, zuei, eskaintzen dizuegu atzoko ikasle greba arrakastatsua.