BATEK ALA BESTEAK GOBERNATU, PENTSIOAK DEFENDATU!

Bilbo: Gazte zutabea 17:30 Done Petri plazan (San Pedro)
Donostia: 17:00 Alderdi Eder
Gasteiz: 18:00 Bilbo plaza
Iruñea:17:00 Foru monumetuan

Pentsionistak ia bi urte daramatzate borroka eredugarri batean. Indartsu atera dira behin eta berriz kalera gobernuan bata edo bestea egonda ere pentsio publikoak defendatzera. Astelehenero kontzentrazio jendetsuak egin dituzte atsedenik gabe, eta manifestazio erraldoiak egin dituzte hiriburuetako kaleetan. Indar hori izan da urtarrileko greba orokorra mahai gainean jarri duen elementu garrantzitsuenetako bat. Pentsionisten aldarrikapenak eta borrokak milioika gazteon, ikasleon eta langileon mirespen osoa lortu dute. Beren aldarrikapenak gazteetara bideratu dituzte gainera, lan eta etorkizun duina izan dezagun. Argi esan behar dugu, pentsio publikoen aldeko borroka gazteon borroka ere badela.

Pentsionisten haserrea guztiz justifikatua dago. Urteetan jasa dituzte PSOEk nahiz PPk aplikaturiko pentsio erreformen ondorio kaltegarriak. %0,25eko igoera ziztrinak egin dituzte pentsioetan, bizitza ikaragarri garestitu den urteetan. Pentsiodunen gehiengoa, eta batez ere emakumeak eta alargunak benetako pobrezia eta miseriara kondenatu dituzte. Kapitalistek eta Europako Batasunak inposatu nahi duen murrizketa agendak pentsioak are gehiago erasotzen jarraitzea planteatzen dute. Bien bitartean banka erreskatatzeko dirua nahi beste oparitzen zaie enpresari eta aberats handiei. Horiek dira benetako kriminalak hemen, etxe kaleratzeak, ustelkeria, lan istripuak eragiten dituen esplotazio basatia aplikatzen dutenak, diruz lepo bete daitezen.

Gazteon borroka ere bada

Espainiako PPren edo PSOEren gobernuek bezala, hemen ere EAJ-PSEren gobernuek eskuineko politika berberak aplikatzen dituzte. Pentsioak pribatizatu eta murriztu nahi dituzte, hezkuntza eta osasungintza publikoa, zerbitzu eta laguntza sozialak, etab. erasotzen dituzten moduan.

Gaurko lanarekin ordaintzen dira pentsioak. Eta egun daukagun lan merkatua, gazteok zuzenean pairatzen ditugun baldintza prekarioetan, lan kontratu zaborretan, esplotazioan eta gehiengoaren langabezian oinarritzen da. Lan duina eta ikasketa duinak ukatzen dizkigute. Hezkuntzari eginiko erasoak eta pribatizazioak, LOMCEk eta Heziberrik langile familietako seme alabak ahalik eta lasterren ikasketetatik kanporatzea dute helburu. Lanbide Heziketa publikoan sartzea loteria irabaztearen modukoa da. Zentro pribatuak plaza gabeziarekin aberasten ari dira, laguntza publikoez gain, matrikula 3 eta 4 mila euro artean kobratzen dutenean, horretarako aurreztera behartuz.
Langile klaseak elkarturik egin behar dugu borroka. Gure jazarenaren kausa zein den argi daukagu. Sistema kapitalista da. Horregatik eraman behar dugu gure eskubideen aldeko borroka, gizartearen eraldaketa sozialistara, horiek bermatzeko modu bakarra baita.

Borroka da bide bakarra. Azaroak 16 manifestazioak, urtarrilean Greba Orokorra

Pentsionistak funtsezko auzia jarri dute mahai gainean: borroka da bide bakarra. Hain zuzen ere, gure aiton amonen belaunaldia izan zen borrokaren bidez hezkuntza edo osasungintza bezalako eskubideak lortu zituena. Gaur, beren mobilizazio indartsuarekin ikasgai honen gaurkotasun ikaragarria erakusten digute. Eskubide sozial guztiak kalean lortu dira borrokarekin. Eta gaur mobilizazioaren bidea hartu behar dugu helburu berarekin. Pentsionisten borroka gazteon eta ikasleon borroka ere bada. Etorkizun duin bat nahi dugu.

Beharrezkoa da borroka hau gazteri guztira zabaltzea, baita langileetara ere. Azken batean, prekarietatearekin amaitu nahi dugu, kalitatezko hezkuntza eta osasungintza publikoa nahi ditugu, gure eskubide demokratikoen aurkako errepresioarekin amaitu nahi dugu!

Horregatik Ikasle Sindikatutik dei egiten diegu gazte guztie azaroaren 16 larunbatean kaleak betetzera eta Hego Euskal Herriko deitu diren mobilizazioetan parte hartzera. Borroka hau, geure borroka ere bada!

JO TA KE, IRABAZI ARTE!