Sócrates Lope • Ikasle Sindikatua Bizkaia

Martxoaren 25etik 27ra eta apirilaren 1ean eta 2an, EAEko milaka irakasle grebara joan ziren, ELA, LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek deituta. Ikastetxeetako irakasleen eta langileen manifestazioak jendes bete zituzten EAEko hiriburuetako kaleak, eta grebaren jarraipena ere arrakastatsua izan zen: irakaskuntzako langileen % 75ek baino gehiagok egin zuten bat grebarekin.

Dagoeneko zazpi greba-egun deitu dira ikasturte honetarako, kalitatezko eskola publiko baten alde, irakasleentzako baldintza hobeagoekin eta bitarteko eta langile nahikoekin.

2023ko irailean EAEko Hezkuntza Lege berria onartu zenetik, eskola publikoaren narriadura areagotu egin da, eta ikastetxe pribatuetan eta itunpekoetan matrikulazioak gora egiten jarraitzen du. EAJk hezkuntza pribatizazio maila handiena duen lurraldea izatera eraman du EAE, eta bigarrena Europan. Joera horrek klase sozialaren araberako eskola-segregazio gero eta handiagoa eta ikastetxe publikoen itxiera progresiboa eragiten ari da. Horren ondorioz, gure eskola eta institutu publikoak gero eta gehiago abandonatzen eta hondatzen ari direla ikusten ari gara familia langileen seme-alabak.

Sindikatuek arrazoi osoz salatu dute Hezkuntza Sailaren asmo txarra, ahozko proposamenekin eta benetako zehaztasunik gabe. Pedrosaren taldeak jarraitutako estrategiak izen bakarra du: xantaia. Hezkuntza publikoko irakasleen lan-baldintzek okerrera egiten duten bitartean, negoziazioek ez dute benetako edukirik. Badakigu, lan-baldintzak hobetu gabe, hezkuntza publikoaren kalitateak okerrera egiten jarraituko duela. Horregatik, borroka hau ez da irakasleena bakarrik, hezkuntza publikoko ikasle guztiena ere bada.

Ikasleen ikuspegitik, Eusko Jaurlaritzak geletan ezarritako gehiegizko gutxieneko zerbitzuen ondorioz, greba-egunak benetako kaosa izan dira ikasle guztientzat: derrigorrezko itxialdiak jolastokietan, eskola-ordu zentzugabeak ikasleen bertaratze txikiagatik, derrigorrezko irakasleen eskolta ikastetxean eta abar.

Horregatik guztiagatik, badirudi hezkuntza sailak ez duela ezer egiten dagoen arazoa konpontzeko. Greba irakasleen artean izaten ari den jarraipen handia, erabat hutsik dauden institutuekin, gure ikastetxe publikoen suntsipenaren aurrean guztiok dugun nahigabearen erreflexu argia da. Gainera, Bilbon eta Gasteizen bildutako jendeak erakusten du hezkuntza komunitatea mobilizatuta dagoela eta benetako aldaketak lortu arte borrokan jarraitzeko prest dagoela. Aldarrikapenak oso argiak dira, 15 urtez lan-akordioa eguneratu gabe egon ondoren aldaketak beharrezkoak dira.

Ikasle Sindikatutik babes eta elkartasun sendoa adierazi nahi dugu gure irakasle guztiak egiten ari diren borrokarekin. Erantzun zuzena eta beharrezkoa da Hezkuntza Sailaren jarrera hipokritaren aurrean; izan ere, gatazka hau konpontzeko funtsezko aldarrikapenak ezagutu arren, errebindikazioei uko egiten jarraitzen du.

Amaitu dezagun pribatizazioarekin eta defenda dezagun Euskal Eskola Publiko bakarra, % 100 publikoa, laikoa, zientifikoa eta euskalduna, doan Haur Hezkuntzatik Unibertsitateraino!