Samuel erail zuten 'marikoia' oihuka. Polizia bortizki kargatzen ditu LGTBI eskubideen aldeko manifestazioak. Neonaziak Chuecatik paseatzen dira LGTBI pertsonak mehatxatuz eta poliziak babestuta. Apezpikuak eta sekta erlijiosoak gaixoak garela esaten eta sexu-orientazioko terapiak sustatzen dituzte eta matxismoaren pozoia barreiatzen dute. Justizia patriarkalak kartzela zigorra eskatzen du Hazte Oir erakundeko atzerakoien aurka mobilizatzeagatik, eta, aldi berean, erasotzaileak eta sexu jazarleak babesten ditu. Mediku erreakzionarioek abortua edo eutanasia bezalako eskubideak ukatzen dituzte. Eskuin muturrak gorrotoa okatzen du Kongresuan, telebistan eta sare sozialetan.

Vox, PP, Eliza Katolikoak, kasta judizial frankistak eta sistemak berak inposatzen digun errealitate itogarri honen aurka altxatzen gara milioika gazte.

Indarkeriarik eta zapalkuntzari ez!

Sexu orientazio eta identitateagatik jasaten ditugun jipoiak, irainak eta jazarpenak izugarri ugaritu dira. LGTBI pertsonok pairatzen dugun indarkeria estruktural eta sistemikoa ez da berria, eta astez aste eraso gehiagoren berri dugu.

Berdintasun Ministerioaren datuen arabera, LGTBI komunitatearen aurkako gorroto delituak %43 igo dira 2021eko lehen seihilekoan. Eta badakigu ezinezkoa dela gertatzen diren erasoen benetako kopurua ezagutzea. Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Agentziak (FRA) adierazten duenez, Espainiako Estatuan 100 erasotik 7 baino ez dira salatzen. Erasoa jasan eta salaketarik jarri ez duten pertsonen %34k adierazi du “Estatuko Segurtasun Indarrek ez zutela ezer egingo pentsatzen zutela”.

COGAM/FELGTBk 2012an egindako azterketa baten arabera, eskola jazarpena jasan duten nerabe lesbiana, gay eta bisexualen %43k bere buruaz beste egiteko ideiak garatu zituen, eta %17 behin edo gehiagotan saiatu izan da.

Baina benetan garena izate hutsagatik kondenatzen gaituen diskriminazioa ez da kolpeetan geratzen: gure lanpostuetan, klasean, etxebizitza bilatzerakoan, kalean bikotearekin eskutik hartuta joateko beldur garenean... Jazarpen benetan lazgarria da, bereziki trans pertsonek jasa beharrekoa.

Muturreko eskuina eta kapitalismoa dira erantzuleak

“Todo afeminado o invertido que lance alguna infamia sobre este Movimiento, os digo que lo matéis como a un perro” – Queipo de Llano, militar frankista (1936)

“En España hemos pasado de dar palizas a homosexuales a que ahora impongan su ley” – Iván Espinosa de los Monteros, Voxeko diputatua (2020)

Ez da kasualitatea LGTBI pertsonen nahiz emakumeen eskubideak jo puntuan egotea. PP eta Vox alderdien, sekta ultrakatolikoen eta Elizaren diskurtsoak, egunero gure kolektiboaren eta feminismoaren aurka gorrotoa zabalduz, sektore erreakzionarioak adoretu ditu.

Hainbat hamarkadatako borrokaren ondoren konkistatu ditugun eskubideak mehatxu larrian daude. Horrela ikusten dugu Madrilgo Erkidegoan, non Ayusok iragarri duen genero eta LGTBI legeak aldatuko dituela Voxen eskaerak asetzeko. Ayusoko Gobernuak praktikan trans eskubideak ukatu ditu: lehen kontsultarako urtebete arteko itxaron-zerrendak eta kirurgietarako 6 urte artekoak ezarri dira.

Hego Euskal Herrian ere, bide berean hainbat eskubide, paperean onartuak izan arren praktikan ukatu egiten dira. Abortatzeko eskubidea adibidez. EAEn, Catalunyan edota Madrilen bezala, ospitale publikoetan egindako abortuak %0,7 ingurukoa dira 2000tik gaur egun arte. Nafarroan berriz orain dela bost urte arte, praktikan ezinezkoa zen haurdunaldia borondatez etetea, ez publikoan ezta pribatuan ere, Opus Deik duen indarragatik. Erakunde ultrakatolikoak osasungintzan, hezkuntzan eta beste hainbat eremutan duen indarra, inpunitatea eta jasotzen duen dirutza publikoa izugarria da oraindik.

Horrelakoak dira Estatu frankista honen moral ustelaren gotorlekuak. Espainiar Estatuko zortzi 8 probintzietan (Avila, Palentzia, Segovia, Zamora, Cuenca, Toledo, Caceres eta Teruel) ez da abortu bakar bat ere jakinarazi 1988 eta 2018 artean. Hori guztia erakundeen eta epaileen ezagutza eta onespenarekin gertatzen da.

Makilka giltzaperatu nahi gaituzte armairuan eta frankismoaren haitzuloetara eraman. Abascalek, Casadok eta konpainiak gerra deklaratzen digute, ez bakarrik ideia katoliko, apostoliko eta erromatarren doktrinarekin eta epaiekin talka egiten dugulako, baizik eta LGTBI mugimenduaren eta klase feminismo borrokalariaren bihotzean taupadaka ari den iraultzaren hazia boteretsuentzat mehatxua delako. Gure banderak eta pankartak hartu eta Estatu osoko plazak homofobiaren eta matxismoaren aurka betetzen ditugunean, faxismoaren, eskuinaren eta bere aliatuen aurka ere borrokatzen dugu, gure borroka merkantilizatu nahi dutenen aurka, eta, azken batean, prekarietatea, desberdintasuna eta indarkeria besterik eskaintzen ez duen sistemaren aurka.

Borroka kalean dago eta ez parlamentuan. LGTBI mugimendu iraultzaile eta antikapitalistaren alde!

Borrokari esker asko lortu dugu, baina gure eskubideak formalki legeetan onartuta daudenean ere, horrek ez du esan nahi errespetatzen direnik edo gure diskriminazioa txikiagoa denik.

Zoritxarrez, PSOE-UP Gobernuan gertatzen ari da erreakzio maila hori. Asko entzun dugu "LGTBI pertsonak babesteko batasun instituzionalaren" alde lanean ari direla. Baina norekin? PPrekin? "Homofobia ezkerraren irudimenean bakarrik" dagoela dioten horiekin? Konkistatu ditugun eskubideak kendu nahi dizkiguten horiekin, praktikan eskubide horiek gauzatzea eragotziz? Ezta pentsatu ere!

Gobernuak ez die eskuinari eta Eliza katolikoari aurre egin nahi izan ikastetxeetan sexu-hezkuntza inklusiboa ezartzeko. Hezkuntzan dituzten pribilegioei eta kontrolari eusteko aukera eman die, gorroto homofobo eta matxistaren diskurtsoa zabaltzen jarraitzeko aukera emanez. Milaka emakumeren abortatzeko eskubide librea, doakoa eta osasun sistema publikoan bermatu gabe jarraitzen dute, eskuinak eskubide hori sistematikoki nola zapaltzen duen jakin arren.

LGTBI kolektiboarentzat eta emakume langileentzat bizitza duina bermatzeko modu bakarra Estatu aparatua faxistez, matxistez eta homofoboez garbitzea da, gure zapalkuntzaz baliatzen direnei aurre egitea, eta eraso egiten digutenak eta hiltzen gaituztenak modu eredugarrian zigortzea. Baina horretarako ez da nahikoa diskurtsoekin, beharrezkoa da baliabideak inbertitzea, pribatizazioekin amaitzea eta kalitatezko osasun eta hezkuntza publikoa bermatzea, besteak beste osasun mentaleko zerbitzu publikoak, doakoak eta eraginkorrak bermatuz.

Inork ez digu inoiz ezer oparitu, kaleetako mobilizazioarekin lehenago lortu ez duguna. Gure borroka sistema zapaltzaile honen aurkako borrokaren parte da. Mugimendu iraultzaile eta antikapitalista bat eraiki behar dugu, auzoz auzo eta ikastetxez ikastetxe antolatu. Kapitalismoarekin amaituz eta benetako gizarte sozialista eraikiz bakarrik bidali ahal izango ditugu historiaren zabortegira LGTBIfobia, matxismoa, arrazakeria eta hainbeste sufrimendu; benetan garena izan eta benetako askatasunean bizi gaitezkeen gizarte baten alde borrokatuz.

Batu zaitez emakume Aske eta Borrokalarietara!