Zergatik da beharrezkoa Ikasle Sindikatua zure ikastetxean sortzea eta nola egin?

Gure eskubideak lortu ahal izateko, ikasleok antolatuta egon behar dugu. Horixe da gure indarraren giltza. Askoz gehiago gara, eta gure klasea –langile klasea– da dena funtzionarazten duena. Horrela, antolatuta eta hezkuntza publikoaren defentsan batuta, Werten errebalida frankistak atzera botatzea lortu genuen; horrela mobilizatu dugu gazteria masiboki indarkeria matxistaren aurka martxoaren 8 oro; horrela lortu genuen Iruñeko "La Manada" auziaren epai doilorra atzera botatzea; horrela bete ditugu kaleak errepresio frankistaren aurka eta Kataluniako herriaren erabakitzeko eskubidearen alde, edota klima-grebetan multinazional handiek planetaren suntsiketan duten erantzukizuna seinalatzeko.

Hori dela eta, oso garrantzitsua da antolatzea: gure hiri eta auzoetan, baina baita institutu eta fakultate bakoitzean ere. Horregatik, defendatzen ditugun ideiekin ados zaudeten guztioi Ikasle Sindikatuan antolatzeko eta ikastetxe bakoitzean taldea sortzeko proposatzen dizuegu.

Gaur egun, Ikasle Sindikatua estatu mailako ikasle erakunderik adierazgarriena da, eta hala onartzen du Hezkuntza Ministerioak berak. Baina, zuetako askok dakizuen bezala, greba bat, mobilizazio bat edo asanblada bat antolatzen dugun bakoitzean, oztopo ugari aurkitzen ditugu. Zuzendari erreakzionario asko gure greba-eskubidea edota adierazpen-askatasuna murrizten saiatzen dira.

Hori ekiditeko eta geure burua defendatzeko tresna gehiago izateko, oso garrantzitsua da institutu bakoitzean Ikasle Sindikatuaren elkartea sortzea. Horretarako, beherago aurkituko duzuen legeztatze-gida bete behar duzue, institutuko idazkaritzan aurkeztu eta zigilatutako kopia bat guri bidali. Honela, Ikasle Sindikatuaren existentzia legezkoa bihurtzen da zentroan, eta –legea eskuan– biltzeko espazio bat, bilerak edo asanbladak antolatzeko erraztasunak eta zentroak gure eskubideak oztopatzen baditu erantzuteko gaitasuna exijitu ditzakegu.

Arrazoi horiengatik, zuen ikastetxean Ikasle Sindikatua sortzera animatzen zaituztegu, indar handiagoz mobilizatzeko koordinatuta egon gaitezen.

Hemen behean daukazue gida, jarraitu beharreko pauso guztiekin eta bete behar dituzun paperekin. Edozein zalantza izanez gero, jarri harremanetan gurekin posta elektronikoaren edo sare sozialen bidez, eta berehala erantzungo dizugu.

Borroka da bide bakarra!

 

EGUNERATZEA: Gidaren kopia bat posta arruntez bidaltzeaz gain, mesedez, bidali eskaneatuta helbide honetara: sindikatua@ikaslesindikatua.net