Urtarrilaren 7an, Immigrazio eta Aduana Kontrolerako Zerbitzuko (ICE) agente batek Renee Good, ICEren jarduerak erakunde proinmigranteen izenean zaintzen zituen behatzaile zibil boluntarioa, erail zuen. Irudiak, sua bezala zabaldu dira, primeran erakusten dute nola agenteak autoaren leihotik zuzenean tiro egiten dion, kalea uzten saiatzen ari zenean, inolako probokaziorik gabe. Odol hotzez egindako exekuzioa, ICE zer den agerian uzten duena: langile klasearen eta gazteriaren aurkako talde faxista bortitza.
Hilketa hau Minnesotako estatuan ICEk egindako hedapen basati baten erdian gertatu da, estatu horretako komunitate somaliarraren aurkako kanpaina arrazista batekin batera. Trumpen administrazioak 2.000 ICE agente bidali ditu Minneapolisera, eta astelehenean bertan 150 atxiloketa egin zituzten. Langile migratzaileen aurkako erasoa da, eta probokazio oso larria, George Floyd hil zuten hiri berean, 2020ko Black Lives Matter mugimenduaren erdigunea izan zena.
Inperialismoa kanpoan eta gerra langile klasearen aurka barruan
Hilketa ezagutu ondoren, Trumpen administrazioko bozeramaile guztiak ICEren jarduera defendatzera atera ziren, eta gainera Renee-ren hilketa justifikatu zuten. Donald Trump presidenteak bere sare sozialetan esan du gidariak “agentea oztopatu, aurre egin eta bortizki harrapatu” zuela, eta agenteak bere burua defendatzeko tiro egin zuela. Hilketaren errua ezkerrari bota dio:
“Egoera osoa aztertzen ari da, baina horrelako gertakariak ezker erradikalak gure poliziak eta ICEko agenteak egunero mehatxatzen, erasotzen eta jotzen dituelako gertatzen dira. AEBetan SEGURTASUNA MANTENTZEN saiatzen ari dira. Gure segurtasun indarrak babestu eta defendatu behar ditugu indarkeria eta gorrotoa sustatzen dituen ezker mugimendu erradikal honen aurrean”.
Segurtasun Nazionaleko Departamentuko bere idazkariak, Kristi Noemek, Renee-ren jarduera “barne terrorismoa” bezala definitu du. XXI. mendeko faxista estatubatuarrek, askok ICEren eta Trumpen estatu aparatuaren barruan daudenek, gure ahizpa eta anaia migratzaileak bigarren-mailako izaki bezala ikusten dituzte, eskubiderik gabe, eta haien bizitzak ezer balio ez balu bezala. Trumpismoak beldurra zabaldu du komunitate migratzailean, naziek Alemanian komunitate juduarekin egin zuten bezala. 2025eko urrira arte kalkulatzen diren 220.000 atxiloketei, iaz ICEren zaintzapean hildako 30 pertsona gehitu behar zaizkie, 2004tik kopururik handiena.
ICEren aurkako protesta masiboek AEBak astintzen dituzte
Ordu gutxi batzuk geroago, Renee hil zuten tokian bertan, aldare bat jarri zuten eta ehunka pertsona bildu ziren ICEren arrazakeria instituzionalaren azken biktimari omenaldia egiteko. Mina eta amorrua manifestazio handi batean adierazi ziren, Minneapolis hiria astindu zuena eta une batean ICE atzera egitera behartu zuena. Aldarrikapenak argiak dira: 1. ICE Minnesotatik kanpora. 2. Deportazio masiboen amaiera. 3, Renee-ren hilketaren arduradunentzat epaiketa eta zigorra.
Baina mobilizazioak ez ziren Minneapolisera mugatu: New York, Boston, Washington… eta 100 hiri inguruk eztanda sozial bat bizi izan dute, arrazakeria instituzionalaren bihotza seinalatzen duena, ICE eta Trumpen administrazioa. Mobilizazio hauek Trumpen agenda arrazista, inperialista eta faxistaren aurkako erresistentziaren beste atal bat dira.
Minnesotako gobernadoreak eta Minneapoliseko alkateak, biak demokratak, adierazpenak egin zituzten Renee-ren hilketa gaitzetsiz eta ICEren jarduera kriminala seinalatuz. Baina berehala, protestek AEBetako hiri askotako kaleak bete ondoren, eta Minnesotan poliziaren istiluen ondorioz dozenaka atxilotu egon direnean, Tim Walz gobernadoreak ez du zalantzarik izan larrialdi egoera deklaratzeko eta Guardia Nazionala aktibatzeko, 2.000 agenterekin erreserban. Ze hipokresia!
AEBetako kaleak berriro ere ICEren aurkako amorruz betetzen ari dira. Langile klasea eta gazteria bultzaka ari dira Trump eta bere agenda inperialista eta neofaxista garaitzeko bide bakarrean: masa borroka, klase antolakuntza eta greba orokorra.
Elkartasuna langile klase immigrantearekin!
ICE kanpora! Trump kanpora!







