Milioika emakume altxa gara mundu guztian zehar umiliazio, abusu, indarkeria eta esplotazio jasangaitzaren aurka. Martxoaren 8koa bezalako egun historikoek argi erakutsi dute: mugimendu feminista erraldoia, gehiengoa miseriara kondenatzen duen sistema politiko eta ekonomiko horren aurrean zapalduok eman dugun erantzunaren baitan biltzen da.

Emakumearen papera klase arteko borrokan

 

2008/2009ko atzeraldi handiak bereziki gogor kolpatu gaitu emakume langileak. Gure bizkar gainean jasaten dugun zama biderkatu dute mundu guztiko gobernu kapitalistek osasunean, menpekotasun laguntzetan, soldatetan eta pentsioetan aplikatu dituzten murrizketa andanak eta eragindako etxe kaleratzeek. Era berean, ordea, polarizazioa eta ezkerrerako biraketa elikatu du langile klasearen eta gazteen sektore zabalen artean.

Altxamendu, politizazio eta geroz eta zabalagoa den sistemaren kritikaren giro honetan, matxismoaren aurkako eta gure askapenaren aldeko borrokak nazioarteko oihartzuna hartu du eta langile klaseko emakumeok lehen mailako papera jokatzen dugu bertan. Horrela soilik azal daiteke duen izaera masiboa, borrokalaria eta antikapitalista: AEBn Donald Trumpi aurre egin zion mugimendua, Ele Nao mugimendua Brasilen, Latinoameriketan feminizidioen aurka borroka, abortu aske eta seguruaren aldekoa Argentinan, Polonian eta Irlandan.

Egun hauetan, Aljeriako eta Sudango altxamendu iraultzaileetan emakume pobreen parte hartzea masiboa izaten ari da. Mugimenduaren %70 emakumeak direla kalkulatzen da. Ez da kasualitatea. Herrialde horietan sharia lege islamiarra aplikatzen da. Emakumeak zapaldurik daude eta ez dute eskubiderik. Horregatik, zapalduenak eta kolpatuenak, altxamendu sozialaren eta iraultzaren abagunean, borrokaren lehen lerroan kokatzen dira.

Gure mugimendua eskuinaren jo puntuan

 

Mobilizazio horiek argi erakutsi dute gure mugimenduaren oinarrian dagoen sentimendu antikapitalista indartsua. Kolpatzen gaituen justizia matxista salatu dugu, sistematikoa den indarkeriaz jazarten gaituzten instituzio burgesak. Gutxiago ordaindu eta gehiago esplotatzen gaituzten enpresariak seinalatu ditugu. Gure bizitzako arlo guztietan Eliza Katolikoak ezartzen duen boterearen aurka indartsu egin dugu borroka.

Klase agintaria mundu mailan segituan ohartu da zer suposatzen duen kalean erakutsi dugun indarrak eta beste borrokentzat izan garen inspirazio iturriaz. Horregatik erreakzionatu dute hain gogor.

Estatu espainiarrean hori oso gertutik bizi ahal izan dugu. PP, Cs eta Voxen bloke atzerakoiak behin eta berriz ekin dio emakumeen eskubideak erasotzeari, hiru alderdiek partekatzen duten ADN frankista duen diskurtso guztiz matxista eta misoginoan.

Alde batetik PPk eta Voxek aurrez aurre erasotu dute abortu eskubidea. Adierazpen guztiz makabroak entzun behar izan ditugu: “Neanderthalek ere erabiltzen zuten [abortua], baina jaio arte itxaroten zuten eta, orduan, burua mozten zioten” (PPko Suarez Illanak esana) edo “8 urteko mutilei kurtsoak ematen zaizkie, non neska izaten saiatu behar duten, eta neskak mutila […]; praktika sexual berriak probatzera proposatzen zaie” (Rocío Monasterio, Vox). Eta beste aldetik, Ciudadanosek bere “formula feminista” berriarekin emakumeen esplotazioaren eta sexu esklabotzaren alde egin du, prostituzioa eta sabelen alokairua erregulatzea eta legeztatzea eskatuz.

Zuzenean kolpatzeko estrategiak edota emakume guztiak barrikadaren alde berean gaudela sinestaraztekoak helburu berbera dute: hain sutsuki defendatzen duten sistema kapitalistaren oinarriak zalantza jarri dituen mugimendu handi hau geldiaraztea.


Feminismo transbertsala edo emakumeak esplotatzen dituzten emakumeak


Emakumearen askapen mugimendua gatazka ideologiko batean dago feminismo iraultzailearen eta sistemaren feminismoaren artean; zapaltzaile eta zapalduak bereizten ditugunon artean eta beren lerroetan emakume zein gizonak esplotatzen dituzten emakumezko burgesak onartzen dituztenen artean.

Feminismo transbertsalaren aldetik mugimendu feministaren borroka otzantzeko eta langile klasea eszenatik aldentzeko egin diren saiakerak asko izan dira, eta ez dira soilik eskuineko alderdietatik etorri. Burgesiak bere bozeramaileak erabili ditu horretarako eta buru belarri ekin dio. Dagoeneko 2018an feminista aberatsen moda berriaren desfilea ikusi genuen: Ana Patricia Botín, Csko politikariak eta baita Letizia erregina ere; Ivanka Trumpen adierazpenak eta bere ustezko “feminismoa”, FMIko presidentea den Christine Lagarderen “alde feminista”... Baina, era berean, ikusi ditugu baita ere ezkerreko feminista gisa mozorrotzen saiatzen zirenak ere, Kate Millet eta Silvia Federicci esaterako. Emakumearen inguruan marxismoak defendatzen dituen ideien aurkako erasoa abiatu dute mota guztietako gezur eta manipulazioak erabiliz.

Horiek guztiak, burgesiako edo burgesia txikiko emakumeak, kapitalismoren eliteko postua eskuratu dute edota hori eskuratzea dute helburu. Sistemaren arauak defendatzen dituzte eta ez dituzte zalantzan jartzen, nahiz eta horrek emakume langile eta gazteen gehiengoa, eta langile klaseko gizonezkoak ere, zapaltzea ekarri. Emakume guztiak ez gaude lubaki berean. Akaso gure banderaren azpian hartu behar al ditugu Alabaman abortua galaraztea baimendu duen emakumezko gobernuburua edo España, una, grande y libre defendatzen duten emakumeak?

Gure kateak apurtu, sozialismoaren alde borrokatu

Feminista iraultzaileok ulertzen dugu gure askapenaren aldeko borroka ez dela soilik genero auzia, baizik eta, batez ere, klase auzia dela. Eta klaseaz hitz egiten dugunean, kapitalismoak esplotatzen gaituen guztion elkartasunaz ari gara, gure azalaren koloreak edo jaioterriak axola gabe. Matxismoaren aurka borrokatzeak erregimen kapitalistaren aurka borrokatzea esan nahi du, jasaten dugun zapalkuntza babesten duten instituzioen aurka.

Feminismo iraultzaile eta antikapitalista defendatzen dugu. Gure indarra kalean oinarritu behar dugu, lanpostuetan eta ikastetxeetan antolatuz, jo puntuan ezarriz gure askatasun kolektiboaren aldeko borroka. Lanpostu duinaren alde, osasungintza, hezkuntza, haur eskola eta etxebizitza publikoak lortzeko borrokatuz, eta gure zapalkuntzatik aberasten diren botere ekonomiko handien eta  sexu esplotazioaren aurka borrokatzeko baldintza materialak bermatuz. Askapena lortzeko ezinbestekoa da gizarte berri bat eraikitzea. Berdintasun osoa eskuratu ahalko dugun gizarte sozialista dugu helburu.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

Jarrai gaitzazu