Parte hartu online hitzaldian: EKOLOGISMOA ETA IRAULTZA, urtarrilaren 29an ostirala 19:00tan
Urtebete pasatu da Zaldibarko zabortegia amildu zenetik. Hala eta guztiz ere, ez da aldaketarik egon EAJren gobernuak Euskal Herriarentzat prestaturik daukan ibilbide orrian, eta mundu mailako osasun larrialdia erabiltzen ari da foku mediatikoa gure ingurumena kudeatzeko eta suntsitzeko politiketatik urruntzeko.
Hain zuzen ere, Zaldibarko istripu horrek erakusten du nora garamatzan klientelismoaren eta gizartearen ongizaterako funtsezkoak diren sektoreen —hala nola hondakinen kudeaketaren— pribatizazioaren aldeko apustu lotsagabe horrek.
Zaldibarko hondamendiaren ondoren, gertakari oso larriak onartu behar izan dituzte; besteak beste, 10 mila tona amianto biltegiratu zirela, metanoa neurtzeko gailuek ez zutela behar bezala funtzionatzen, zabor-isurketa batzuk ez zirela behar bezala egiten —ez zuten zehaztu zein material ziren—, eta zabortegiak baimendutakoa baino eremu handiagoa okupatzen zuela —geologoek aldez aurretik jakinarazi zuten lur-jausia gertatzeko arriskua zegoela horrexegatik—. Jakina, ez da enpresa emakidadunen gaineko erantzukizunik izan. Eusko Jaurlaritza isil-isilik geratu da, eta ezkutatu egin zuen besteak beste inguruko herrietan dioxina eta furanoa barreiatzen ari zela istripuaren ondorioz piztutako sutearekin. Lehentasun bakarra zen autobidea berriro irekitzea eta erantzukizunak ez iristea kargu politikoenganaino.
EAJren gobernuaren beste proiektu nagusietako bat izan da Zubietako erraustegia eraikitzea, nahiz eta Europak gisa horretako proiektuak bertan behera utzi dituen —hondakinak ez erretzea gomendatzen du 2018/852 zuzentarauak—, hain zuzen ere, hainbat herrialdetan erraustegiek ateak itxi behar izan dituztelako osasunaren aldeko mobilizazioen ondorioz. Hori guztia zuzenean loturik dago Zaldibarren gertatutakoarekin, zabortegiko hondakinak lekuz aldatzea eta erretzea pentsatzen ari baitira. Beste arduragabekeria bat da hori ere, ingurumenaren aurkako eraso larria, sailkatu gabeko hondakinetan substantzia kaltegarriak barreiatuko baitira. Jakina, instalazio horren ustiapenaren emakida jeltzaleen ohiko opakotasunari esker lortu da, oraindik ez baitakigu zer baldintza, interes eta ustekabeen aurrean zein erantzukizun izango diren baimenaren 35 urteetan.
AHT: sistema klientelar eta harrapari baten paradigma
Euskal Y-a eraikitzeko planak oposizio handia izan du azken bi hamarkadetan, batez ere ezker abertzaleko indarren aldetik. Argi eta garbi dago proiektu faraoniko bat dela, onurarik ekarriko ez duena, eraikitzeaz arduratzen diren eraikuntza enpresentzat izan ezik.
Europako Kontuen Auzitegiaren txosten batean jasotzen denez, EAEko Y-aren kostuaren hasierako estimazioa 4.675 milioi eurokoa zen, eta 2006. eta 2010. urteen artean eraikiko litzateke. Hala ere, gaur egun amaitu gabe dago eta ez da bukatzeko zantzurik ikusiko 2023ra arte; ondorioz, hasierako kostua 6.500 milioi ingurukoa izan da.
Orografiak kostu ekonomikoak igotzen dituen lurralde batean, ingurumenean sarraskia eginez eta herriak bazterrean utziz; horrela diseinatu dute abiadura handiko sarea diru publikoa EAJren babespean eta sinbiosian bizi diren enpresen poltsikora desbideratzeko.
Funtzionamenduari buruzko xehetasunak eta etorkizuneko datuak argitara atera ahala, mesfidantza handitzen da. Arazoa da horrelako inbertsio handi bat mantentzea are garestiagoa izango dela eta ezin da ziurtatu errentagarria izango denik. Hala ere, gurekin geratuko dira paisaiari eta ekosistemei egindako kalteak eta errepideek eta bidezubiek mugikortasunari jarritako oztopoak.
Hori gutxi ez eta, kamioiak eta automobilak errepidetik ateratzeko gaitasun gutxi izango du trenak, gure faktura energetikoa handituko da, eta ez dio mesederik egingo mugikortasun ekologiko eta eraginkorrago bati.
Jeltzaleek duten epe laburreko politikaren beste adibide bat da basoen politikarekin gertatzen dena. Monolaborantzen aldeko apustua berretsi dute, eta eukalipto famatu bezain triste horiek landatzea erabakitzen dutenei diru-laguntzak ematen dizkiete. Oso urte gutxiren buruan zurarekin diru asko irabazteko aukera ematen dute zuhaitz horiek, eta diru azkarra bilatzeko orduan, pentsatu ere ez dute egin landaketa horiek izango dituzten eragin kaltegarri anitzetan: gure lurren emankortasuna, biodibertsitatearen galera, edaten dugun uraren kalitatea eta uda eta udazken gero eta lehorragoetan piztuko diren suteak.
Eredu neoliberalak zapaldu egiten gaitu larrialdi egoeran
Ekinbide horiek ez gaituzte eramango jasaten ari garen krisi sakonei aurre egiteko gai den gizarte baterantz. Eta, zalantzarik gabe, krisi horiek larriagotu egingo dira etorkizuneko belaunaldientzat, izan ere, uzten dizkiegun baliabideekin moldatu beharko baitute. Kapitalismoaren berezko logika merkantilizatzailea da ekonomia, gizartea eta ingurumena kolapsora daramatzan modus operandi honen arduradun nagusia. Inoiz ez da zentzuzkoa izan planeta mugatu batean hazkunde ekonomiko infinituaren alde egiten duen teoria bat praktikan jartzea.
Biosferaren biziraupenerako ezinbestekoak diren zenbait iturriren eraberritze naturalerako gaitasuna ere gainditu dugu. Izan ere, gure helburua ez da planeta salbatzea, planetak aurrera jarraituko baitu gurekin edo gu gabe. Bizirauteko ezinbestekoa dugun eta gure jarduera sozioekonomikoen oinarria —hala nola nekazaritza, abeltzaintza edo meatzaritza— garatzea ahalbidetzen digun biosfera salbatzea da helburua.
Ekosistema primarioei (baso tropikalak, borealak, poloak, arrezifeak...) ezartzen diegun presioak hamarkada gutxiren buruan suntsituko ditu. Horrek tenperaturak eta prezipitazioen ziklo planetarioa ezegonkortuko ditu, eta egungo elikagaien eredu industrialak behar duen ziurtasuna arriskuan jarriko du.
Klima aldaketak badaki zer diren klase sozialak
Bizitzak eta ekosistemak suntsitzen dituen kapitalismoaren gurpil zoro hori geldiarazteko dugun tresna nagusia gatazka oro politizatzea da. Klaseko ikuspegirik gabe, ingurumenaren defentsa kontsigna huts bihurtzen da, eta ezinezko da betetzea. Enpresarien ekintza eta asmo onean konfiantza duten ezkerreko agintari erreformistek oso erantzun adierazgarriak lortu dituzte: batetik, milioika pertsonei eragiten dien pobrezia energetikoa eta, bestetik, Europatik datozen diru-laguntzak hondamendiaren arduradunei esku betean ematea. Horrexek erakusten du burgesiak zer asmo duen gure planetako baliabideak kudeatzeko eta noren zerbitzura egon behar duten.
Gaur egun Green New Deal deitzen duten hori —ustez Repsol, Iberdrola eta antzeko enpresen eskutik soldata altuko lanpostuak sortzeko eta politika jasangarriak garatzeko plana— ezinezkoa da. Sistema honekin hautsi gabe gure planeta eraberritu, babestu eta lan baldintza duinak lor ditzakegula defendatzea gezurra elikatzea besterik ez da. Ezinbestekoa dugu jasaten ari garen basakeria ekologikoaren erantzuleak legitimatzeko amarru hori salatzea.
Izan ere, multinazional handiak “berdeak” direla salduz aurpegia garbitzeko maniobra betean daude, diru publikoa arpilatzen duten bitartean. "Trantsizio ekologikoaren" etiketa ezarriz, milioika euro jasoko dituzte Europako laguntzetatik eta era guztietako kontrolak ezabatuz gainera, ingurumenekoak barne, dirua azkar irits dadin euren poltsikoetara. Erregai fosilen industriak izango dira laguntza horien zati handi baten onuradunak.
Berriro ere, kapital handiak guztia hankaz gora utzita itsu-itsuan aurrera egin nahi du. Zalantzarik gabe langileria esplotatzen eta baliabide naturalak espoliatzen jarraituko du agortu arte. Benetan jasangarria den eta herritarren behar sozialak bermatzen dituen gizarte bat eraikitzeko erronka, ez da inolaz ere etorriko irabazi ekonomikoak lortzeko gure bizitzak eta planeta suntsitzen dituztenen eskutik. Gizadiaren etorkizunerako nahitaezkoa da basakeria kapitalista garaitzea, ekonomiaren sektore estrategikoak nazionalizatuz —energetikoak barne—. Beharrezkoa da zorraren diktadurarekin amaitzea, sortzen dugun aberastasun guztia langileriaren esku jarri eta ekonomia eta gizartea modu arrazional, demokratiko eta jasangarrian eraiki eta antolatu ahal izateko. Horixe da alternatiba sozialista baten aldeko borroka.
Mundu mailan polarizazio soziala gero eta handiagoa da, ekonomia- eta osasun-krisia areagotzen ari da eta muturreko fenomeno klimatikoak gero eta ugariagoak dira. Testuinguru honetan, merkatuarengandik eta kapital handiaren interesen menpe dauden Estatuengandik gauza bakarra espero dezakegu: prekarietate, desberdintasun eta marjinazio sozial gehiago. Langileoi inork ez digu ezer oparituko. Bizitza duina eta bizitoki duina izango den planeta nahi baditugu, ez dago beste aukerarik: kalean antolatu eta borrokatzea.