Aski da! Errepresio frankistarik ez! Altsasukoak askatu!
Urriaren 9an, Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Altsasuko gazteen aurkako muntaia polizial eta judizialak aurrera jarraituko zuela. Kartzela zigorrak zertxobait arintzeak ezin du ezkutatu prozesu judizial honen benetako helburua: Euskal Herriko gazteak kriminalizatzea eta eskuin espainolistaren diskurtsoa nahiz Estatu aparatu frankistaren estrategia errepresiboa hauspotzea. Gurasoek zioten moduan: “Makilatzen saiatu badira, ez dute lortu: hau basakeria eta bidegabekeria da”. “Badakigu sententzia hau inplikazio politiko, mediatiko eta judizialak dituen muntaia honen helburu ilunak mantentzen eta horien balioa indartzen tematzen dela”.
Berriz ere, oso konkretuki ikusi ahal izan dugu Estatu aparatu espainiarraren izaera frankista. Fiskaltzaren argumentu juridiko nagusia “Guardia Zibilak Espainiarekiko, Erregearekiko eta Konstituzioarekiko duena leialtasuna” izan da.
Epaia hau, hain zuzen ere, “helburu ilun” horien frogapen argia da. Lehenik sententzia ezartzen du eta gero gertaerak eta teknizismo judizialak horretara egokitu. Orain, Gorenak ez du arrazoirik ikusten “diskriminazioa” eta “gehiengoaren abusua” larrigarriak aplikatzeko. Gainera, Aratz eta Iñakiri aurrez egotzitako lesio delitu batzuk kendu dizkiete froga faltagatik. Epaileen itzulinguru guztiek ebidentzian utzi arren, aparatu judiziala ez dago atzera egiteko prest eta kartzela zigorrak kriminalek izaten jarraitzen dute: 9 urte eta erdi Oihanentzat, 8 urte eta erdi Adur eta Jokinentzat, 7 urte eta erdi Jon Ander eta Julenentzat, 4 urte Aratzentzat, 3 eta erdi Iñakirentzat eta urte eta erdi Ainararentzat.
Eskuin espainolistaren neurrira eginiko muntaia
Estatu aparatuak, eskuineko alderdiek eta beren hedabide atzerakoiek bloke berean lan egin dute hasieratik muntaia hau osatzeko.
2016ko urriaren 15ean, taberna inguruko liskar batek tartean hartu zituen bi Guardia Zibil eta beren bikoteak. Lesio larriena orkatileko haustura bat izan zen eta denak ikusi ditugu gau hartan grabaturiko bideoak. Atzerakoiek, ordea, ETAren itzuleraren inguruko kanpaina mediatiko amorratua jarri zuten martxan. Rajoy berak txio batean hori ez zela zigorrik gabe geratuko idatzi zuen. Berehala herriko zortzi gazte terrorismoz akusatu eta kasua Audientzia Nazionalera eraman zuten. Fiskaltzak 62 urteko kartzela zigorra eskatzen zuen Oihanentzat, 50 urte sei gazterentzat eta 12 urte Ainararentzat. Guardia Zibilak hilabete baino gutxiagora Adur, Oihan eta Jokin atxiloturik eraman zituen Madrileko kartzeletara -2016ko azaroaren 14an- eta 2018ko ekainaren 5ean Jon Ander, Iñaki, Aratz eta Julen. Uda hartan egin zen epaiketak, deklarazioek, ez onartzea defentsaren frogak eta testiguak… Agerian geratu zen fartsa bat zela.
Azkenean, Audientzia Nazionaleko epaiak terrorismo akusazioa alboratu zuen eta orain Gorenak larrigarri batzuk bertan behera utzi ditu. Baina, martxan jarri zuten makinariak ez zituen gertaerak frogatu nahi, ezta justizia egin ere… Helburu politiko batekin abiatu zuten, kriminalizazio politikoa, eta ez daude prest horretan atzera egiteko, ez baditu kaleko mobilizazioaren indarrak behartzen.
Gazteak askatu arte mobilizazioak eta elkartasunak aurrera jarraituko du
Gorenaren epaia ezagutu ostean, urriaren 10ean milaka atera ziren kalera Euskal Herriko hiri eta herrietako kontzentrazioetan. Altsasuko gurasoak eta Altsasukoak aske plataformek urriaren 26an Iruñera martxa batean, epaitegi aurrean kontzentratzeko deia egin dute. Mobilizazioek aurrera jarraituko dute datozen hilabeteetan.
Borroka honek Euskal Herriko mugak gainditzea lortu du. Ezker Iraultzailetik elkartasun kanpaina internazional bat egin genuen, eta gure indarrekin aurrera egiten jarraituko dugu muntaia honen aurka. Epai honek, U1eko Kataluniako epaiak bezala, erakusten du errepresio frankistaren aurkako borroka gizartea eraldatzeko borrokarekin elkartu behar dugula, 78ko erregimenarekin behin betiko amaituz.