Ikasle Sindikatuak ondorengo komunikatua babesten dugu eta geure atxikipena adierazten diogu. Beto politikorik ez!
Idatzi hau sinatzen dugun eragileok kezka handiz bizi dugu Bilboko eta Gasteizko jaietan sortu den egoera. Izan ere, hiru eragileri (Bilboko Luberri Konpartsari, eta Gasteizko GKSri zein Etxebizitza Sindikatuari) jaien antolaketan parte hartzeko eta txosna jartzeko aukera ukatzen ari zaie Mugimendu Sozialistarekin duten loturagatik, parte-hartze irizpide formal guztiak betetzen dituzten arren.
Gure ustez, jai eremu zabaletan parte hartzeko debekuak ez dira onargarriak, eta gutxi batzuen interes politikoei baino ez diete erantzuten. Era honetako bazterketek ez dute kabidarik Herri Mugimenduaren baitan. Izan ere, minimo ideologiko ez-baztertzaileekin bat egiten dugun eragile guztiok eskubidea dugu jai herrikoietan parte hartu eta txosnak jartzeko. Mugimendu Sozialista gure herriaren errealitate politiko eta sozialaren parte da, eta ideologia baztertzailerik ez duen beste edozein eragilek bezala, espazio zabaletan eta jai herrikoien antolaketan parte hartzeko eskubidea dauka. Are gehiago, gaur-gaurkoz gutako asko dozenaka herri eta auzotan Mugimendu Sozialistarekin batera aritzen gara jaiguneetan eta bestelako esparruetan elkarlanean.
Euskal Herri osoan zehar zabalduta dauden jai herrikoiak hamarnaka eragileren borondatezko lanaren bitartez ateratzen dira aurrera, eta inplikazio hori jaien izaera parte-hartzaileak ahalbidetzen du. Horrekin batera, babes instituzionalik ez dugun eragileeontzat, jai eremuak gure aldarrikapenak zabaltzeko eta gure eguneroko jarduna ekonomikoki sostengatzeko bitarteko garrantzitsuak dira. Bilboko eta Gasteizko debekuek, aldiz, eredu horren aurka egiten dute; guztion baldintza berdintasuna urratzen dute eta Mugimendu Sozialistaren kontrako blokeo ekonomiko zein sozialerako bidea zabaltzen dute.
Garaiz gaude egoera honi irtenbidea emateko. Horretarako, ezinbestekoa da jai herrikoien izaera parte hartzailea eta aniztasuna bematzea, eta bazterketak alboratzea. Horregatik, dei egiten diegu orain arte debekua babestu edo parte-hartzea oztopatu duten eragileei, jarrera hori alde batera utzi eta Bilbon zein Gasteizen Mugimendu Sozialistak jaietan konpartsa/txosna izateko eskubidea errespeta dezaten.
Atxikimendua emateko: Esta dirección de correo electrónico está protegida contra spambots. Usted necesita tener Javascript activado para poder verla.