Gazteontzat etorkizun duin baten alde!
Ikasle eta langileak, elkarrekin aurrera!
Deskargatu hemen materiala: kartela, eskuorria, greba eskari eredua EAE eta Nafarroa
Ikasle Sindikatutik urtarrilaren 30eko greba orokorraren deialdira batu gara. Egun horretan, ikasgelak hustuko ditugu eta kaleak hartu langile klasearekin eta pentsionistekin batera, Hego Euskal Herria geldiaraziz, hezkuntzaren, osasungintzaren eta zerbitzu publikoen murrizketa eta pribatizazioekin amaitzeko, lan prekarietatearekin eta miseriazko soldatekin amaitzeko eta pentsio publiko duinak defendatzeko. Ezbairik gabe, greba orokor hau aurrerapauso irmo batean bihurtu behar dugu, gazteriaren eta langile klasearen indarrak batzeko eta indartzeko bidean.
“Lan, pentsio eta bizitza duinak” lelopean greba honek bultzada eman nahi die pentsionistek bi urtetan zehar burutu dituzten mobilizazio eredugarriei, azken hamarkadan kendu dizkiguten eskubide sozialak eta lan baldintzak ere borrokatuz. Pentsioen aurkako erreforma, murrizketa eta pribatizazio planek duten jatorria gazteok jasan ditugun erasoen berbera da, hezkuntza publikoan LOMCE eta Heziberrirekin jasa ditugunak, edota lan bat lortzen dugunean aurkitzen dugun esplotazio eta kontratu zaborrena, lan erreformen ondorioz. Azken batean, betikoei irabazi milioidunak bermatzea da horien helburua, langile familiak geroz eta gehiago pobretzearen kontura. Gure osasungintzari, hezkuntzari eta pentsio publikoei lapurtutako bitartekoekin loditzen dituzte kapitalista apur batzuk beren poltsikoak, gure guraso eta aiton amonek eskuratu zituzten eskubideak deuseztatuz. Ezin dugu onartu!
EAJ-PSE hezkuntza publikoa erasotzen jarraitzeko asmotan dabiltza
Gazteak Madril, Iruñea eta Gasteizeko gobernuen erasoen jo puntuan egon gara, PP, PSOE eta EAJ instituzio hauen buruan egon direnean. LOMCE eta EAErako kalkatu zuten Heziberrik, oraindik ere indarrean jarraitzen dute eta hezkuntza publikoari eginiko murrizketak ez dira atzera bueltatu. EAE da hezkuntza pribatizatuen dagoen erkidegoa. Baina, gainera, EAJren eta PSEren Eusko Jaurlaritzak pauso bat eman nahi du aurrera hezkuntza publikoaren aurkako erasoen bidean, pribatu-kontzertatuaren zerbitzura eginiko hezkuntza lege bat ateraz.
Bankuei milaka euro eman dizkien bitartean, murrizketa basatiak egin dituzte beste batzuen artean hezkuntza publikoaren aurka, ikasgelak masifikatuz, irakasleen lan baldintzak okertuz eta langile familietako ikasleei kalitatezko hezkuntza ukatuz. Hezkuntza publikoaren aurkako erasoek helburu konkretua dute: langile klaseko seme alabak ahalik eta azkarren ikasketak uztea esplotaziorako materiala izan gaitezen enpresarien eskuetan. Kasu askotan, lanbide heziketa publikoan plaza bat lortzea irabazi ezin den loteria baten pareko bihurtzen da, pribatuan hiru mila eurotik gorako matrikulak ordaindu behar izatera iritsiz. Unibertsitatean tasen igoerak eta praktikan graduondokoak ezinbesteko ezartzeak lan merkatuan balioko duen titulu bat edukitzeko, azken batean, goi mailako titulazioak horiek ordain ditzaketenen eskura bakarrik jartzea da. Aski da, negoziorik ez gure hezkuntzarekin! Eskola publikoen sare bakar baten alde, kalitatezkoa, euskalduna, laikoa eta doakoa haur eskolatik unibertsitatera arte!
Etorkizuna lapurtzen ari zaizkigu! Urtarrilaren 30ean ikasgelak hustu eta kaleak beteko ditugu!
EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzak aho-betez hitz egiten du kalitatezko enpleguaz eta “euskal oasiaz”, hemen beren murrizketa politiken ondorioak jasango ez bagenitu bezala. Baina errealitatean horiek dira langile klaseak eta gazteriak pairatzen dugun esplotazioaren eta prekarietatearen erantzule zuzenak. Urkulluk oso argi utzi zuen Bizkaiko metaleko langileen aurka jo zuenean eta patronalaren alde jarri zenean: bankarien eta enpresari handien ordezkariak dira. Enpresariei zergak jaitsi dizkiete Diru sarrerak Bermatzeko Errenta murrizten duten eta familia behartsuenak erasotzen dituzten bitartean.
Gazteak gara orain eta etorkizun duin bat ukatzen diguten politika neoliberal guzti horiek gehien kolpatzen gaituzten sektoreetako bat. Horregatik izan gara, hain zuzen, mugimendu feministan, aldaketa klimatikoaren aurkako borrokan, errepresioaren aurkakoan, autodeterminazio eskubidearen aldekoan indartsu mobilizatu garenak ere. LOMCE eta Heziberriren aurka eta 3+2 unibertsitateko erreformaren aurka ere borroka eta greba oso garrantzitsuak egin ditugu, horien bidez kaleetan errebalida frankisten planak atzera bota genituelarik.
Borroka horiek, beste askoren ondoan, kaleak bete dituzte mobilizazio historikoetan. Horregatik indar horiek guztiak batzen baditugu -gazteak, pentsionistak, langileak- gure indarra ikaragarri biderkatuko da. Horrela lortuko dugu politika kapitalistekin eta errepresioarekin amaitzea. Greba honek aldarrikapen garrantzitsuak hartzen ditu: 1080 euroko gutxieneko pentsioa, 1200 euroko gutxieneko soldata, 35 ordutako lan astea, jubilazioa 65 urtetara… Zalantzarik gabe, Euskal Herriko langile klaseak frogatu du baduela indarra hori eta askoz gehiago lortzeko, greba honekin aurrera pausoa emanez. Horrek izan behar du lehen urratsa, gorantz doan borroka plan batean benetan langile klasea eta gazteria antolatzeko balioko duena eta mobilizazio egutegi bat planteatuko duena mobilizazio eta greba orokor gehiago deituz gure aldarrikapenak lortu arte.
Greba orokor horren deialdia berri oso ona da, eta Euskal Herrian langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio gorakadatik jaio da. UGT eta CCOO sindikatuek hori babesteari uko egin izana akats larria da. Deialdira batu beharko lukete eta Estatu mailara zabaldu, hori gogo handiz hartuko bailitzake.
Ikasle Sindikatutik deialdi honen aldeko apustua egiten dugu eta gure indar guztiak jarriko ditugu arrakasta izan dadin. Borroka da bide bakarra!
Jo ta ke, irabazi arte!
1. Lan eta pentsio erreformak indargabetzea. 1.200 €-ko gutxieneko soldata. Langabezia-sorospen mugagabe baliokidea langabeentzat, lana aurkitu arte. 35 ordu astean, soldata-murrizketarik gabe. Lan-prekarietatearen amaiera: finkoak plantillan, 15 egunera.
2. Pentsio duinak eta publikoak: 60 urterekin erretiroa eta 1.200 euroko gutxieneko pentsioa.
3. LOMCE eta Heziberri berehala indargabetzea eta pribatizazio neurri eta lege guztiak amaitzea. Hezkuntza publikoko sare bakar baten alde, euskaraz, kalitatezkoa eta doakoa haur hezkuntzatik unibertsitatera.
4. Osasun publiko duin, doako eta unibertsalerako eskubidea. Osasunaren pribatizazioa ahalbidetu duten lege guztiak indargabetzea.
5. Etxe kaleratzeak legez debekatzea. Dagoen eskaria alokairu sozialekin aseko duen etxebizitza publikoen parke baten alde, bankuen esku dauden pisu hutsak desjabetuz.
6. Pribatizatutako zerbitzuak publiko egitea, plantillak mantenduz eta zabalduz eta lan-eskubideak errespetatuz.
7. Faxismoari eta arrazakeriari aurre egitea, mobilizazioarekin eta antolaketarekin. Atzerritasun Legearen indargabetzea eta Azterritarren Internamendu Zentroekin amaitzea, etorkinentzat eta haien familientzat eskubide politiko, sozial eta ekonomikoak bermatuz.
8. Aski da, errepresiorik ez: "Mozal Legea" eta "Mozal Lege Digitala " indargabetzea. Berehalako askatasuna Altsasuko gazteentzat.
9. Faxistak Estatuko aparatutik kentzea. Euskal presoentzako mendeku eta sakabanaketa politiken amaiera: Amnistia preso politiko guztientzat.
10. Indarkeria matxistaren, justizia patriarkalaren eta LGTBI komunitatearen diskriminazioaren aurka. Gizonen eta emakumeen arteko soldata- eta pentsio-arrakala amaitzea. Lanaldi partzialeko kontratuetan kotizazioen zenbaketa ez zigortzea. Kotizatutako egun berean lan egindako eguna zenbatzea.
11. Autodeterminazio eskubidearen alde. Euskal Herriko eta Kataluniako errepublika sozialisten alde eta errepublika sozialista federal baten alde, egun estatu espainiarra osatzen duten herri eta nazioen batasun libre eta borondatezkoan oinarritua, hala erabakitzen badute.
12. Bankaren eta ekonomiaren sektore estrategikoen nazionalizazioa langile klasearen kontrol demokratikoan, gehiengoaren ongizatea bermatzeko eta ingurumenaren suntsiketarekin amaitzeko.