1. Ikasleen eskubideak bermatu: gai-zerrendak murriztea eta selektibitatea bertan behera uztea!
2. Hezkuntza Ministerioak batxilergoko batez besteko nota ezartzea unibertsitatean sartzeko.
3. Murrizketekin eta osasunaren pribatizazioarekin amaitu. Langileen eta gazteriaren enpleguak eta eskubideak defendatu behar dira.
Ikasle Sindikatutik gogor salatu nahi dugu koronabirusaren pandemia hedatzean Euskal Herrian eta Estatu mailan bizi den osasun publikoaren kaos eta kolapso egoera, urteetan zehar egin diren murrizketen eta pribatizazioen ondorioa dela. Osasun publikoaren aurkako eraso hauek sekulako hondamendia suposatzen ari dira, giza baliabide eta material nahikorik gabe, gure osasuna negozio bihurtzen duten enpresa handien onurarako.
Krisi honi aurre egiteko Gobernuak orain arte aurkeztu dituen neurriek kapitalista handien etekinak bermatzea dute ardatz. Bien bitartean, ondorioak ordaintzen ditugunok familia xumeak eta langileak gara. Kasu askotan birusarekin kontagiatzeko arriskuak hartzera behartzen gaituzte, osasun baliabideen gabezia jasaten dugunak gara eta lanpostuetan mota guztietako gehiegikeriak pairatzen ditugu, kaleratzeak, ERE eta ERTEak, ordaindu gabeko bajak, nahitaezko oporrak...
Espainiar Estatuko gobernuak Haur Hezkuntzatik unibertsitatera bitarteko eskolak bertan behera utzi ditu, gutxienez 15 egunez, eta neurri horrek milioika ikasleri eragiten die.
Lehenik eta behin esan behar da eskolak bertan behera utzi direla lan egin behar eta seme-alabekin geratu ezin duten gurasoentzat inolako alternatibarik eman gabe. Zer egin behar dute orduan? Haurrak beren aitona-amonekin uztea, gaitza gehien jasaten duen sektoreetako bat izanda? Edo zuzenean lanera ez joatea, kasurik onenean lanera ez joatea justifikatu badezakete, baina egun horietako ordainsariari uko eginda?
Langileen familietan egoera benetan latzak eragiten ari den arazo horren aurrean, Jose Luis Escrivá Gizarteratzeko eta Gizarte Segurantzako ministroak iragarri zuen neurriak hartuko dituztela behar duten gurasoek lanaldia murrizteko aukera izan dezaten. Baina neurri horrek enpresaburu handiei mesede egitea beste helbururik ez du, Gizarte Segurantzak aurreikusten dituen laguntzak funts publikoekin ordainduko baititu, enpresek zentimo bakar bat ere jarri behar izan gabe. Ez al du behar adina opari izan patronalak osasungintzaren eta hezkuntzaren pribatizazioekin, lan erreformekin eta legea eskuan hartuta jasaten dugun prekarizazio eta esplotazioarekin? Kapitalistak babesten dituzte berriro, langile familiak babestu beharrean.
Ordaindu gabeko baimenek, lanaldi-murrizketek edo lan-malgutzeek ez dute ezer konpontzen. Krisi hori langileen bizkar gainean jartzen dute, soldata murrizketa izugarriak eraginez. Seme-alabak edo mendeko senideak ardurapean dituzten langile guztiei Langileen Estatutuaren 37.3d) artikulua aplikatu behar zaie. Horren arabera, nahitaezko betebehar bat betetzen denean, hau da, mendetasuna duen pertsona bat zaintzen denean, langileak eskubidea izango du bere ordainsariaren %100arekin lanetik kanpo egoteko, oporralditzat hartu gabe. Gobernu honek gaur egungo egoerari eta etor daitezkeenei aurre egiteko ezinbestekoa den neurri hori bermatzeko betebeharra du.
Bestalde, egun hauetan eskolarik jasoko ez dugun ikasleentzako planik ere ez dago. Toki batzuetan, adibidez, erreferentzia lausoak egiten zaizkie online klaseei, hau gure egoeraren irtenbidea izango balitz bezala. Gai zerrenda osoan oinarrituko ahal da gure ebaluazioa, ezer gertatu izan ez balitz bezala, horrek gure emaitza akademikoetan izango duen eraginarekin? Eta zer gertatzen da aurten selektibitateari aurre egin eta unibertsitateko ikasketak egin ahal izateko bataz besteko nota behar duten ikasleekin? Jakina, familia xumeetako ikasleak gara, eskola publikora joaten garenak, bekak behar ditugunak eta murrizketen erruz ez ditugunak laguntza eta errefortzu eskolak jasotzen eta honen guztiaren kalte handiena jasango dugunak.
Ikasleen Sindikatutik Hezkuntza Ministerioari neurriak har ditzala eskatzen diogu gure notak eta, beraz, gure batez besteko notak, gure bekak eta gure etorkizuna ez daitezen kaltetuta atera egoera honetatik: gai-zerrendak murriztu eta selektibitatea bertan behera utzi behar da, eta batxilergoko batez besteko nota izatea unibertsitatera sartu ahal izateko nota.
Bestalde, gure irakasleen egoera ere mahai gainean jarri nahi dugu, ez baitira eskoletara joatetik libratu, eta kasu askotan kaleratzeko mehatxupean baitaude, Madrilgo Erkidegoko haur-eskoletako irakasleei gertatzen zaien bezala. Lotsagarria eta onartezina da. Pandemia geldiarazteko neurriak hartu behar badira, har daitezela guztiok babesteko, enpleguak, soldatak bermatuz, inolako kaleratzerik gabe. Jarduera produktibo guztia etetea, -ezinbestekoak diren zerbitzuak eskaintzekoa salbu- egoeraren gaineko kontrola eduki arte, eta noski, galdutako lanegunen ordainketarekin! Langileek, gure gurasoek, gure irakasleek eta abarrek ez dute egoera horren errurik, eta ez dute ordaindu behar ez beren soldatekin, ez beren lanpostuekin, ez beren osasunarekin.
Haien murrizketak, gure hildakoak! Nahikoa da, gure osasunarekin ezin da jolastu!
Azkenik, beren burua babesteko eta gaixoak artatzeko oinarrizko baliabiderik gabe, benetako babesgabetasun egoera jasaten ari diren osasun-profesional guztiei gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu. Kalitatezko baliabideak dituen osasun publikoa defendatzeko Marea Zuria altxatu zuten berberak dira hondamendi honen ondorioak beren azalean pairatzen dituztenak.
Sinestezina da kasu guztiak osasun publikora bideratzen ari direla, erabat masifikatuta eta benetako kontrolik gabeko egoera honetan. Sektore pribatuari gure osasun publikoaren zati handi bat oparitu izana salatzen dugu, eta, gainera, orain osasun pribatuak uko egiten dio koronabirusa duten gaixoak zaintzeari.
Eskandalagarriena da Gobernuak egoera hau ahalbidetzea, ezer gertatuko ez balitz bezala. Ezin du beste aldera begiratu. Gobernu honek, ezkerrekoa bada, premiazko lege-dekretu bat onartu behar du, osasun-zentro pribatu guztiak berehala nahitaez sare publikoaren kontrolpean eta gaixoen eskura jar daitezen, doan eta bere profesional eta azpiegitura guztiekin, pandemiaren aurrerapena geldiarazteko. Enpresa horien etekinak ezin dira egon biztanleen eskubideen gainetik, eta are gehiago oraingoa bezalako aurrekaririk gabeko gizarte-larrialdiko egoera dagoenean.
Egoerak neurri drastikoak behar ditu, bai, baina gehiengoaren mesedetan, eta ez pribilegiatu gutxiengo baten interesen mesedetan, enpresa eta banku handiek milaka milioi euro jaso baitituzte 2008ko krisia lehertu zenean, eta orain Estatuari pribilegio berriak eskatzen dizkiote.
Gobernu honek behingoz bertan behera utzi behar ditu murrizketa sozialak eta pribatizazioak, milaka osasun langile, mediku, erizain eta ikertzaile kontratatu behar ditu, eta ospitaleak beren osotasunean jarri behar ditu martxan, beharrezko baliabide tekniko guztiak emanez; osasunaren negozioaren enpresa pribatuei eta farmazia-monopolio handiei baliabide publikoak oparitzeari utzi behar dio, eta farmazia sektorea nazionalizatu behar du, beharrezkoak diren tratamendu mediko guztiak doakoak izango direla bermatzeko.
Noski, Gobernu honen bermatu behar du kaleratzerik, ERTErik edo enplegu-erregulazioko espedienterik egon ez dadin; eta gaixoez, adinekoez edo umeez arduratu behar duten guztiei soldataren % 100arekin bermatu behar zaie lan egitetik libratuz, eta ez opor egun gisatzat hartua. Eguneroko bizitzako funtsezko produktuen prezioak murriztu behar ditu langile familientzat. Ikasleen Sindikatutik gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu gaixoei, haien senideei, pandemia honen aurka kemen ikaragarriarekin borrokan ari diren osasun langile guztiei. Eta dei egiten diogu Euskal Herriko eta gainontzeko lurraldeetako gazteria osoari: kapitalistak beren hondamendiaren faktura guri pasatzeko prestatzen dira, eta haien sendotasun eta irmotasun berarekin erantzun behar diegu. Ezin gara besoak gurutzatuta geratu. Eremu guztietan basakeriara garamatzan sistema kapitalista harrapari baten aurkako erantzun eta mobilizazio masiboa antolatu behar dira.