Sinatu hemen selektibitatea bertan behera uzteko eskaera

Plan konkretua behar da: gai zerrendak murriztu behar dira!
Osasunari eta hezkuntza publikoari egindako murrizketa guztiekin amaitu behar da!

Koronabirusaren pandemiak agerian utzi du, Euskal Herrian, espainiar Estatuan eta mundu osoan, murrizketa eta pribatizazio urteek eragin duten hondamendi soziala. Tamaina honetako krisi batean, osasun publikoaren kolapsoa eta dozenaka mila langileren kaleratzea gertatzen ari denean, Gobernuak hartu dituen neurriek kapitalista handien irabaziak bermatzea du funtsezko ardatz. Aurrekontu publikoko 100.000 milioi euro baino gehiago (BPGren %10) Ibex 35eko enpresa handietara eta bankuetara joango dira zuzenean, hondamendiari benetan aurre egin behar dioten langile familiei huskeriak besterik eskaintzen ez zaizkien bitartean.

Alarma egoeraren dekretuan iragarritako neurrietako bat izan zen haur hezkuntzatik unibertsitaterako eskolak bertan behera uztea, 15 egunez gutxienez. Baina dagoeneko agerikoa da egoera hori denbora mugagabean mantenduko dela, eta ezin da baztertu ikasturtea galtzea milioika ikaslerentzat, pairatzen ari garen osasun-egoera izugarri larria dela eta.

Erabaki horretan ordea, ez da planteamendurik egin milioika ikasleri eragingo zaizkien ondorio negatiboei aurre egiteko. Horregatik, Ikasleen Sindikatutik hasieratik eskatu diogu Hezkuntza Ministerioari gure eskubideak bermatu ditzan berehala:

1. Ikasgai-zerrendak murriztea hezkuntza-tarte guztietan, eta selektibitatea berehala bertan bera uztea! Hezkuntza Ministerioak batxilergoko batez besteko nota ezarri dezala unibertsitatean sartzeko.

2. Unibertsitate publiko eta doakoa familia langileen seme-alabentzat! Behar duguna murrizketekin amaitzea da, hezkuntza eta osasungintzaren pribatizazioa deuseztatzea, eta enpleguak nahiz langileen eta gazteon eskubideak defendatzea

Hezkuntza Ministerioaren eta Isabel Celaa ministroaren aldetik isiltasunarekin erantzun digute, harik eta martxoaren 17an, Unibertsitate Ministerioarekin eta Unidos Podemoseko Manuel Castells ministroarekin bilera bat egin ondoren, selektibitatea atzeratu egingo dutela baina ez dela etengo iragarri zuten arte.

Nola da posible egoera honetan PSOEko Gobernuko arduradun gorenek Hezkuntzan ikasleak estres eta ziurgabetasun horren aurrean jartzen jarraitzea eta neurri zehatz bakar bat ere ez ematea?! Bada garaia gure ahotsa entzun eta kasu egin dezaten. 20.000 ikasle baino gehiagoren sinadura bildu dugu Ikasle Sindikatuak abiaturiko eskaeran.

Gobernuak ez du inolako planik planteatu gure ikastetxe, institutu eta fakultate publikoetara joan ezin izango garen ikasleentzat, online klaseei buruzko aipamen lausoetatik harago. Neurri hori eliteko ikastetxe pribatuetan aplikatu ahal izango da, baina publiko gehienetan, murrizketa oso gogorrak jasan eta hori posible egiteko behar diren tresna informatikoak ez dituztenetan, gustu txarreko txantxa dirudi.

Ezin da hezkuntza publikoak pairatzen dituen gabeziei entzungor egiten jarraitu. Milaka irakasleren kaleratzeek, aurrekontuei egindako aizkorakadek, unibertsitateko matrikulen igoera basatiak, beken murrizketek… gero eta egoera jasangaitzagoa eragin dute, zuzenean kolpatuz langile familietako milioika ikaslek jasotzen dugun hezkuntza kalitatea. Egoera negargarri honi amaiera eman behar zaio, orain!

Selektibitatea ez da ezkerrekoa, neurri atzerakoia eta klasista da, unibertsitatea elitizatzeko

Urteetan zehar, selektibitatea ikasle guztientzat unibertsitatera sartzeko aukera-berdintasuna "bermatzeko" balio duen neurria dela saltzen saiatu zaizkigu, familien maila ekonomikoa eta ikastetxe publikoetan edo pribatuetan ikasi izanaren ezberdintasunak ezabatzen dituena. Hau gezurra da! Eta lotsagarria da, halaber, zenbait ikasle erakundek, Gobernu honi eusteko ahaleginean, alde batera utzi izana puntu horretan langile familien aldeko jarrera, eta PSOEko buruzagien diskurtso klasikora batu izana. Alfredo Pérez Rubalcabak Hezkuntza Ministerioan zegoenean argudio horiek berak erabiltzen zituen selektibitatea defendatzeko.

Selektibitatea froga guztiz bidegabea da. Eldiario.es egunkariak argitaratu zuen ikerketa batek, Madrilgo Erkidegoko 2013tik 2017ra bitarteko datuak erabiliz erakusten zuen nola maila sozioekonomiko handiena duten ikasleei egiten dien mesede. Ikerketa horrek agerian uzten du errentarik handiena duten auzoetatik datozen ikasleek lortzen dituztela emaitzarik onenak, hautaturiko karreretan sartu ahal izateko: horien batez besteko notaren eta auzo behartsuenetako ikasleen arteko aldea ia puntu batera iristen da selektibitateko emaitzetan (5,66tik 6,23ra).

Egoera benetan latza da. Unibertsitate publikoak gero eta antz handiagoa du pribatuarekin, alderdi askotan: langile familietako ikasleak guztiz kanporatzen dituzten tasa izugarri garestiak. Etengabeko murrizketak jasan dituen beka-politika. Fakultateetan sartzeko nota geroz eta altuagoak exijitzea. Horrek guztiak beti abantaila ematen diete seme-alabentzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko bitarteko materialak dituzten klase sozialei.

Selektibitatea beste oztopo bat baino ez da: ez ditu ikastetxe pribatuetako nota puztuak zuzentzen; aldiz, ikastetxe horietako ikasleak dira beti akademia partikularrak, etxean baldintza hobeak, errefortzuko irakasleak, hizkuntzak ikasteko atzerrira egindako bidaiak eta abar dituztenak. Izan ere, PSOEko eta PPko gobernuek beti mantendu dute selektibitatea azken mozketa gisa, eragotziz batxilergoko batez besteko nota izatea ikasleon gaitasun akademikoak interpretatzeko modua. Hori askoz demokratikoagoa eta sozialki justuagoa izango litzateke, eta unibertsitatera zuzenean sartzeko balio beharko luke.

Unibertsitate publikoko klase-osaerari buruzko datuak oso erakusgarriak dira, eta esaten dugun guztia berresten dute: Xarxa Vives d 'Universalen Ser alumno universitario hoy txostenaren arabera, eta Publico egunkariak argitara eman zuenez, gaur egun unibertsitarioen %10,6 baino ez dira langile klasekoak; %54,7 goi mailako klasekoak dira eta %34,7 erdi-mailakoak.

Ikastetxe publiko batean eta pribatu batean ikasteak dakarren desberdintasunarekin amaitzeko modurik onena, auzo aberats batean edo auzo langile batean bizitzeak dakarren desberdintasunarekin amaitzekoa barne, ez da selektibitatea defendatzea, baizik eta publikoari egindako murrizketa kriminalekin amaitzea. Gobernuok, EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritza eta PSOE-Unidas Podemos gobernua barne, aurrekontu publikoetatik Eliza katolikoari eta ikastetxe pribatuetako enpresariei dozenaka mila milioi euro oparitzearekin amaitu behar da.

Kalitatezko hezkuntza publiko euskalduna, doakoa eta laikoa ziurtatzeko, Unibertsitate Publikoan guztiontzako plaza nahikoak daudela bermatu behar da baldintzarik onenetan, eta bermatu behar da, gainera, hori guztiz doakoa izango dela langile familietako seme-alabentzat.

Konponbideak nahi ditugu eta azkar!

Ikasleen Sindikatutik Hezkuntza Ministerioari neurri argiak eta irmoak egitea eskatzen dizkiogu ikasleen eskubideak defendatzeko eta egoera honetatik gure notak eta, beraz, gure batez besteko notak, gure bekak eta gure etorkizuna ez daitezen kaltetuta atera: gai-zerrendak murriztu eta selektibitatea bertan behera utzi behar da, eta batxilergoko batez besteko nota izatea unibertsitatera sartu ahal izateko nota.

Ikasleen Sindikatutik Hezkuntza Ministerioari eskatzen diogu ekintza argiak eta sendoak egin ditzala ikasleen eskubideak bermatzeko eta gure notak, eta beraz, gure batez besteko notak, gure bekak eta gure etorkizuna egoera honen eraginpean ez egoteko. Luzea izango den konfinamendu baten aurrean, kutsadurak eta kaleratzeak jasaten dituzten familia askotan pairatzen ari garen estresarekin, hezkuntza-arduradunek zorrotz murriztu behar dituzte eduki didaktikoak, ikasturtez pasatu ahal izatea pairatzen dugun ezohiko egoera kontuan hartuz, eta selektibitatea bertan behera uztea, batxilergoko gure batez besteko nota izan dadin Unibertsitatean sartu ahal izateko nota.
Neurri horiek hartzen ez badira, klase altuenetako ikasleak izango dira berriro egoeratik mesede gehien hartuko dutenak, familia langileetako milioika gazte atzean geratuko garen bitartean. Jokoan dagoena oso serioa da: gure etorkizuna da!

Baina ez dugu hori eskatzen koronabirusaren krisiaren aurrean neurri aringarri gisa bakarrik. PSOE-Unidas Podemosen Gobernuak berehala indargabetu behar du LOMCE, eta gizarte-larrialdiko egoera hau eratu duten hezkuntza-arloko murrizketa guztiekin amaitu behar dugu, erlijioa gure ikasgeletatik atera eta Eliza Katolikoari eta itunpeko hezkuntza pribatuari milaka milioi diru publiko oparitzearekin amaitu behar dugu, selektibitatea behingoz eta betiko indargabetu behar dugu, eta doakotasuna eta behar adina plaza ziurtatu behar ditugu, horrek suposatzen dituen bitarteko guztiekin batera, haur eskolatik hasi eta unibertsitatera arte.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu