Inork ez dezala ikasturtea errepikatu, inor ez dadila atzean geratu!
Sinatu Hezkuntza eta Unibertsitate ministerioei bideraturiko eskaera
Estatu osoko 30 unibertsitatek baino gehiagok ikasturte hau modu telematikoan amaituko dutela jakinarazi dute. Badirudi denbora kontua dela neurri hori gainerako hezkuntza-etapetara zabaltzea. Egoera honetan, Hezkuntza eta Unibertsitate Ministerioek erabat bazterrean utzi gaituzte langile familietako ikasleak, ez baitute planteatu alternatiba erreal bakar bat ere ikasturtea galtzea edo zuzenean hezkuntza sistematik kanporatuak izatea eragozteko.
Hezkuntza eta Unibertsitate Ministerioen eta Kontseilaritzen erabateko utzikeriak oso ondorio larriak izango ditu: zailtasun gehigarri ugari jarriko ditu ikasleok egoera honetatik errekuperatu ahal izateko. Kasu askotan zuzenean kanporatuko gaitu hezkuntza sistematik; eta beste askotan, urte akademiko bat galtzea behartuko gaitu. Erkidego askotan, Euskadiren kasuan bezala, selektibitaterako datak ezarri dituzte, ezer gertatuko ez balitz bezala. Hau lotsa! Ekonomia geldirik, astez aste etxean konfinaturik, gure gurasoak ERTEak eta kaleratzeak jasaten, gure senide eta gertukoak murrizketen eta pribatizazioen ondorioz baliabiderik gabe utzi duten osasun publikoaren kolapsoa jasaten, kasu batzuetan bizitza galduz… Egoera guztiz ezohiko eta estresagarri honetan, azterketak prestatzen jartzen gaituzte!
Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailaren utzikeria ikaragarria da. Martxoaren 31ean argitaratu zuen aginduan, klaseak egon ez arren ikastetxeak irekita mantentzeko eta irakasleak lantokietara joateko eskatzen zuen ahal zen neurrian. Bertan zioen bazuela informazioa klaseak telematikoki ematen zirela… baina argi dago ez dela hezkuntza sailen ahaleginengatik izan. EAEko zein Nafarroako hezkuntza sailek ez dute inongo neurririk hartu, ez ikasturtea egoerara egokitzeko, ez materia murrizteko, ezta laguntza materialik eskaini ere baliabiderik gabe dauden familia xumeenetako ikasleentzat.
Ikasleen Sindikatutik egoera hau salatzen dugu, eta uko egiten diogu egoera honetan inolako azterketarik egiteari. Ez dugu onartzen online klaseak alternatiba izatea, ez direlako ikasleen zati handi batengana iristen. Hezkuntza publikoa erreskatatzeko larrialdi plan bat berehala martxan jartzea exijitzen dugu, beharrezko giza baliabide eta baliabide material guztiekin, zailtasun handienei aurre egiten ari garenok ez gaitzaten baztertu.
Online klaseak ez dira irtenbidea
Gobernuak "online klaseak" aurkeztu ditu gure zentroen itxieraren aurrean alternatiba bideragarri gisa, baina hori oztopo bat besterik ez da langile klaseko seme-alabontzat, askotan ez baitugu Interneterako edo ordenagailuetarako sarbiderik (900 euroko diru sarrera duten familietatik %42k ez du ordenagailurik etxean). Gu gara kaleratzeen biktima izaten ari garenak eta ikasketak nola ordaindu ahal izango ditugun ez dakigunak, edo 50 m2-ko pisuetan senide gehiagorekin konfinaturik gaudenak, ikasteko espazio egokirik gabe.
Azken finean, familia xumeenetako ikasleok ditugu galtzen irteteko aukera guztiak: guri ezin digute etxean lagundu kasu askotan, eta, noski, askok ez dugu zuntz optikorik, ez klase partikularrik, ez gela zabal eta argiztaturik, ikasteko eta galdutako denbora berreskuratzeko. Gai-zerrenda jarraitzeko beharrezkoa den teknologiarik eta baliabiderik gabe, ikasturtea errepikatzera kondenatuta gaude, edo, zuzenean, hezkuntza-sistematik kanporatuak izatera.
Ikasturte hau ez galtzeko benetako ahalegin bakarra gure irakasleak egiten ari direna da, muga eta zailtasun guztiak izanda ere, dena ematen ari baitira. Beren lana sinestezina da, beti bezala, baina ezin du ordezkatu murrizketek eragin duten baliabide falta.
Defenda dezagun gure etorkizuna: badago dirua hezkuntza publikoa erreskatatzeko!
Guztiz ezinezkoa da egoera honetan modu justuan ebaluatu ahal izatea, eta guztiz onartezina da baldintza hauetan azterketak egitera behartu nahi izatea. Ez dugu eskatzen gainditu orokorra eskuinak esaten duen bezala, manipulazio etengabean, titulua oparitzea nahi dugun alfer kuadrila garen ideia saltzen saiatzen baitira. Eskatzen duguna inork ikasturtea errepikatu behar ez izatea da. Besteak beste hezkuntzan eta osasungintzan hainbeste murrizketa egiten dituzten hauek dira hain zuzen ere opariak jasotzera ohituta daudenak, masterreko titulazioak barne. Aldiz, langile familietatik gatozenak gara gainditurik ez oparitzea eta titulazioa benetan merezitakoa izatea gehien interesatzen zaigunak.
Hezkuntzarako eskubidea ukatu diezaguten ekiditeko modu bakarra hezkuntza publikoa erreskatatzeko talka-plan bat onartzea da. Argi eta garbi ikus dezakegu "dirurik ez dagoela" esatea erabateko iruzurra dela. Urte hauetan ez da dirurik egon ez osasunarentzat ez hezkuntza publikoarentzat, baina orain dirua oparitzen zaie – Kopuru izugarrietan – enpresaburu handiei, krisi hau gainditzeko beren irabazien zentimo bat ere jarri beharrik izan ez dezaten. Nahikoa da! Gure bizitzak eta hezkuntzarako dugun eskubidea aberats horien onuren gainetik daude.
Ikasle Sindikatutik honako hau exijitzen dugu:
1. Ikasle guztiok ikasturtea gainditzea, eta bataz bestekoa lehen bi ebaluazioetatik egitea. Ikasketa-planak berrantolatzea, datorren ikasturtean aurrez aurre ikasi ezin izan ditugun funtsezko edukiak berreskuratzeko.
2. Azterketa guztiak bertan behera uztea, selektibitatea barne. Unibertsitatera sartzeko gutxieneko notak kentzea. Ikasi nahi dugun karreran beharrezko plazak guztiontzat. Bigarren seihilekoko unibertsitate-matrikula osoa berehala itzultzea.
3. Praktikak osorik egin nahi dituzten Lanbide Heziketako ikasle guztiek, tasak berriro ordaindu gabe egin ahal izatea, eta amaitzean titulua berehala lortu ahal izatea.
4. Hezkuntza publikoa erreskatatzeko plan iraunkor bat berehala abian jartzea eta denboran mantentzea, haur-hezkuntzatik unibertsitatera. Aurtengo egoera arintzeko hartzen den edozein neurri, gure hezkuntzak bizi duen gizarte-larrialdiko egoera konpontzeko baliabide ekonomikoekin batera ez badator, partxeak izango dira gaur eta sarraskia bihar milioika ikasle kanporatuz:
- Murrizketa guztiak itzultzea. Irakasleak masiboki eta berehala kontratatzea eta bitarteko irakasleentzat milaka lanpostu finko sortzea.
- Ratioen jaitsiera zorrotza, banakako arreta bermatzeko, ikasgelak ixteagatik ikasi ezin izan ditugun edukiak ahalik eta denbora laburrenean berreskuratu ahal izateko. Errefortzu-eskolak ikasle ahulenentzat eta zailtasun gehien dituztenentzat.
- Langile familientzat haur hezkuntzatik unibertsitatera doan hezkuntza bermatzeko bekak handitzea.
- Arrakala digitalaren amaiera. Inbertsio teknikoa eta teknologikoa zentro publiko guztietan eta langile familia guztientzat.
- Euro publiko bakar bat ere ez Eliza katolikoari, ezta irakaskuntza pribatuko enpresaburuei ere.
- LOMCE eta kontrarreforma klasista guztiak indargabetzea.