Agerian geratu da Urkulluren Gobernuak bere ahultasuna eta isolamendua
Irailaren 15ean greba orokorrak EAEko ikastetxeak geldiarazi zituen eta Gateziko, Bilboko eta Donostiako kaleak bete genituen manifestazio jendetsuekin. Sindikatu guztiek deitu zuten greba - ELA, LAB, STEILAS, CCOO, UGT eta ESK- eta horien arabera grebak %68ko jarraipen zabala izan zuen, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzu izugarriak ezarri zituen, pandemiaren aitzakiapean -%100 garbiketan, %75 hezkuntza berezian, etab.-
Manifestazioek 17 mila lagun bildu zituzten guztira – 8 mila Bilbon, 5 mila Gasteizen eta 4 mila Donostian-. Irakasle askok parte hartu zuten eta nabarmentzekoa izan zen jantokietako, garbiketako, eta gainerako azpikontratetako langileen parte hartzea, argi salatu zutelarik pribatizazioa, lan baldintzen prekaritatea eta Eusko Jaurlaritzatik jasotzen duten etengabeko mespretxua. Milaka ikaslek ere bat egin zuten grebarekin, Ikasle Sindikatutik eta beste ikasle erakundeetatik egin zen deialdiarekin, indarrak batzeko irakasleekin eta sektoreko langileekin. Gelak hustu genituen, erakutsiz ikasturte hasieratik Eusko Jaurlaritzaren eskuineko politiken aurkako borrokan lehen lerroan gaudela.
EAJ eta PSEren Gobernuak argi utzi du hezkuntza publikoaren etsaia dela
Greba arrakasta itzela izan da eta langile klaseak EAJ eta PSEren Gobernuaren errepikapen honi eman dion lehen kolpe gogorra izan da. EAjk zuzenean erasotu du greba eskuinaren tradizio honenetan -PP, Cs eta Voxek egin ohi duten moduan- kaleko mobilizazioak duten isolamendua agerian utziko duen beldurrez. Ortuzarrek esan zuen “grebaren atzean Bildu eta bere inguru “anti guztia” zegoela, eta gehitu zuen “jada badagoela nahikoa ziurgabetasun krispazio gehiago gehitzeko”. Egia esan ordea, langile klaseak ikasturte hasiera honekin sentitzen duen samin zabala erabat justifikaturik dago eta EAEn euren gobernua da erantzule zuzena.
EAJko hezkuntza sailburu ohiak abuztuaren 28an egin zuen protokoloak azaltzeko agerraldia, irakasleak lanera itzultzeko lau egun baino geratzen ez zirenean. Osasun sailburuarekin batera, azaldu zuten lehendik dauden geletako ratioek ez dutela arriskurik suposatzen, ikastetxeetan pairatzen den masifikazioa ukatu zuten eta maskarak eramatea eta antzeko protokoloez aparte, esan zutena praktikan izan zen Jaurlaritza honen plana zela eurorik ez inbertitzea eta itxarotea ea zer pasatzen zen. Gehien azpimarratu nahi izan zuten titularra mila irakasle kontratatzekoa izan zen, baina “beharrezkoa balitz” egingo zutela esanez, eta zer gertatzen zen ikusi behar zela aurrena. Irailaren 11an ordea, pandemiak 30 ikastetxeri eragiten zien gela osoak konfinatuz eta bost ikastetxe gutxienez osorik itxiz. Soraluzeko institutuak salatu du ez dagoela inolako ordezkapenik eta materiak ez direla inolaz ere ematen. Atxuriko hezkuntza komunitate osoak hainbat protesta egin ditu jantoki zerbitzurik gabe geratu direlako, langileak langabeziara joan dira eta beste hainbat ikastetxetan gertatzen den bezala instalazioek ez dute baimentzen aglomerazioak saihestea. Datu ofizialetan, irailaren 15ean EAEn 2.800 ikasle daude konfinaturik eta Nafarroan 1800dik gora.
Urkulluren planak: murrizketa gehiago publikoari eta diru gehiago pribatu kontzertatuari
Ez dugu onartuko!
Erabateko desastrea: hori da EAJ eta PSEren Gobernuaren politiken benetako aurpegia eta ondorioek egunez egun berresten dituzte gure aldarrikapen guztien beharra. Ezinbestekoa da hezkuntza publikoaren aldeko erreskate plana! Noski, badakigu Urkulluren eta PSEko bazkideen planak justu kontrako norabidean zuzentzen direla. Hezkuntza lege berri bat ateratzeko helburua dute hezkuntza pribatu-kontzertatuaren mesedetarako eta publikoaren kaltetarako. Baina ondo erakutsi dugu adi gaudela eta indarra dugula. Hezkuntza kontseilaria aldatzeko maniobrek ez dute inor engainatzen. Uriarte guztiz desgastaturik zegoen. Bildarratzekin aurpegi berri bat aurkeztu nahi duten arren, badakigu aurreko politika berberak defendatzen jarraituko duela eta horregatik izango gaitu aurrean. Ez dezala inolako zalantzarik izan mobilizazio askoz gehiago izango direla eta lehen lerroan egongo garela.
Indarra dugu irabazteko. Borrokak aurrera jarraitzen du!
Pandemia honekin jasan dugun hondamen sozialak ez dio hezkuntzari bakarrik eragin. Langile klasearen osotasunaren aurka zuzentzen da, azken batean, sistema kapitalista honen krisia baita. Egun hauetan mobilizazioak eta grebak egiten ari dira pentsionistak, osasungintzako langileak, ITPko eta sektore aeronautikoko langileak... Indar honekin eta borrokak elkartuz argi utziko dugu langile eta gazteok ez dugula krisi hau ordainduko eta gure eskubide gutiak lortzeko borrokatuko dugula Urkulluren Gobernuaren eta politika kapitalista guztien aurka.
Borroka da bide bakarra!