artículo en castellano

argazki galeria

Martxoaren 8an, gazteok berriro erakutsi dugu matxismoak eta errepresioak ez gaituztela geldiaraziko. Milaka ikaslek egin dugu bat Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariek deitutako greba feministarekin, eta milaka mobilizatu gara dozenaka hiritako kaleetan aho batez oihukatuz: emakumeen aurkako indarkeria eta faxismoa ez dira pasatuko!

Milaka gaztek egin dugu protesta pandemiaren baldintza zailetan, eta uneoro mantendu ditugu segurtasun-neurriak eta distantzia soziala. Borroka-eguna, publikoa eta nabarmena den bezala, mugimendu feministaren aurkako kriminalizazio-kanpaina biziak baldintzatu du. Kanpaina hori eskuinetik piztu da, eta Espainiako Gobernuak Madrilen duen ordezkariak, PSOEkoak, bultzatu du, aurrekaririk gabeko autoritarismoan Madrileko manifestazio eta kontzentrazio guztiak debekatu baititu. Adierazpen askatasunaren aurkako eraso horrek berehalako ondorioak izan ditu: Madrileko auzo bateko mural feminista ospetsuari pintaketa faxistak egin dizkiote, PSOEren erabaki politikoak harrotu baititu.

Aurreikus zitekeen bezala, aurtengo martxoaren 8a oso ezberdina izan da aurreko urtetik. Ordutik gauza asko gertatu dira. Covidak senide eta gertukoen bizitza asko eraman ditu, eta gainera murrizketa hiltzaileen ondorioak jasan ditugu, osasun publikoaren eta gizarte-zerbitzuen suntsipena. Sistema kapitalistak aspaldi deklaratu zion gerra emakume langileari eta gazteriari, aberatsen oligarkia batek gure sufrimenduaren kontura dirutzak metatzen jarrai dezan. Eta hori gutxi balitz, pandemiaren eta kutsatzeen errua guri leporatzea helburu duen erasoaldiari aurre egin beharrean gara.

Gaur goizean, Puerta del Solen, Coral Latorre eta Ana García Ikasle Sindikatuko eta Libres y Combativaseko kideek ondo azaldu dute zertan datzan benetako auzia euren hitzaldietan (klikatu hemen Publikok egindako bideoak ikusteko). Gobernuaren ordezkariak manifestaziorako eskubidea eta adierazpen askatasuna debekatuz "Osasun publikoa" babesten dela esaten duenean, gezurra esan besterik ez du egiten. Ez al du bada ikusten Isabel Díaz Ayuso Erkidegoko presidenteak politika kriminala hartu duela, osasun publikoa bost axola zaiola argi utzita? Zergatik ez zuen ezer esan pribatizatutako adinekoen zentroak hiltegi bihurtu zirenean lehen olatuan? Zergatik dago isilik PSOE PPk osasun publikoa desegiten duenean, lehen mailako laguntza suntsitzen duenean eta merkataritza- eta ekonomia-jarduera errendimendu osoan mantendu dituenean?

Pedro Sanchezek eta Carmen Calvok ez al dute ikusten mundu guztiak ikusten duena? Madrilgo metroa gainezka dagoela gure lanpostuetara eta ikastegietara joaten garenean, tabernak eta terrazak jendez beteta daudela segurtasun-neurriak bete gabe, El Corte Inglés eta beste merkataritza-zentro asko goraino daudela eta hemen ez dela ezer gertatzen?

Gobernuaren Madrileko ordezkari honek dimisioa eman behar du. Bere erabakiarekin, askatasunei eraso egiteko aurrekari bat ezartzen du, Voxen eta PPren babes grinatsuarekin. Baina baditu beste helburu batzuk ere, eta helburu horiek PSOEren zuzendaritzarenak dira.

Hain zuzen ere, monarkia erabateko krisian dagoenean, errege emerituaren ustelkeriak justizia eta ogasuna guztientzat berdinak ez direla erakusten duenean, infantek Abu Dhabirako bidaietan txertoa hartzen dutenean… Gazteriaren eta langile klaseko sektore zabalen artean dagoen haserrea ikaragarria da. Hain zuzen ere, horregatik ezarri nahi dute mozala eta errepresioarekin erantzun. Bereak eta bi egiteko prest daude amorru hori guztia ez dadin azaleratu. Pandemiak eragindako 100.000 heriotza inguru, langabezia masiboa, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren erabaki matxista eta autoritarioak, muturreko prekarietatea, etxegabetzeak eta pobrezia gero eta handiagoa… horren aurrean duten erantzuna dena isilarazten saiatzea da.

Ikasle Sindikatutik eta Emakume Aske eta Borrokalarietatik, Unidas Podemosi, Irene Monterori eta Pablo Iglesiasi argi eta garbi esan diegu: ez ezazue erasoaldi antidemokratiko hau babestu. Zeharka jartzen bazarete eta eskubide demokratikoen aurkako eraso hori onartzen baduzue, osasuna "defendatzeko" gezurrean estalita, alfonbra gorria jarriko zaie Vox eta Alderdi Popularrari, eta bihar urrats berriak emango dira eta grebak edo edozein mobilizazio debekatuko dira "egoera ekonomiko zaila" edo "bake soziala" argudiatuta.

Hemendik gutxira, 2011ko maiatzaren 15eko hamargarren urteurrena ospatuko dugu. Altxamendu sozial hark 78ko erregimenaren ustelkeria biluztu zuen, eta modu erabakigarrian lagundu zuen ondoren etorri ziren borroketan eta mugimendu feminista borrokalari eta antikapitalista bat eraikitzen. Baina gogoratu behar da kale eta plaza guztietan entzun ziren haserre-oihuak botere politiko, ekonomiko eta mediatikoek ere kriminalizatu zituztela. Eta argi erantzuten dugu egun ere, oihukatuz, bai, lor daiteke! Batzuek orain ez dute hori oihukatu nahi. Baina guk egiten dugu, inoiz baino indar eta erabakitasun handiagoz.

Gora M8 borrokalaria, emakume langilearen eguna!
Ez indarkeria matxista, ez errepresioa, ez faxismoa!
Bat egin feminismo iraultzailearekin, batu Emakume Aske eta Borrokalarietara!

 

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu