Ikasle Sindikatuak babestu egiten du datorren otsailaren 26an faxismoaren eta inperialismoaren aurka Ikasle Antolakunde Sozialistak egin duen deialdia. Langile klaseko gazteok aurre egin behar diegu AEBetan ICErekin, Estatu espainiarrean Voxen gorakadarekin eta munduko beste leku askotan ikusten ditugun faxismoaren gorakadaren mehatxu serioari eta joera autoritarioei.
Klase kontzientzia duen eta zapalkuntza kapitalista suntsitzeko borrokatzen duen ikasle eta gazteentzat betebehar bat da faxismoari eta arrazakeriari —langile klasea eta gazteria zatitzeko bere estrategiaren funtsezko ardatza da— aurre egitea; funtsezkoa da Washingtonek Venezuelako eta Kubako herriaren aurka egin dituen esku-hartze inperialistei erantzutea eta Palestinako herriaren aurkako genozidio sionistari ere aurre egitea.
Ikasle Sindikatutik argi daukagu eskuin-muturra ez dutela garaituko erakunde kapitalistek; esperientziak erakutsi du guztiz alferrikakoak direla parlamentuko “osasun-hesiak”. Ezin da ultraeskuina garaitu Confebaskeko eta CENeko ordezkari politikoekin aliantzak eginda edo PSEren sozialdemokraziaren estrategiaren mende egonda. Izan ere, PSEk babes osoa ematen dio erreforma ezina den EAJri, eta ez du zalantzarik sionismoa zuritzeko eta etxejabe errentadunak babesteko, ezta Ertzaintzaren indarrak erabiltzeko Gasteizen gazte antifaxistei indarkeriaz erasotzeko, gaztetxeak husteko eta ehunka etxegabetze burutzeko.
Ikasle Sindikatutik uste dugu faxismoaren aurkako borrokak milaka langile eta gazte inplikatu behar dituela. Ez da gutxiengoekin konpon daitekeen zeregina, masen ekintzarekin lortuko dugu. Horregatik defendatzen dugu, sektarismorik gabe, fronte bateratua eraiki behar dela ezker borrokalariaren antolakunde guztien, klaseko sindikatuen, mugimendu sozialen eta kolektiboen artean, antolakunde bakoitzaren independentzia politikoa eta agitazio independentzia bermatuta. Horrek aukera emango digu gure klase aurkariaren eta babesten eta finantzatzen duten eskuin-muturreko zaborraren aurka elkarrekin kolpatzeko. Hori da irabazteko bidea.






