Abuztuaren 21ean Khadijak munduari kontatu zion bi hilabete luzez bizi izan zuen infernu latza. Basakeria hori ikustean, samina eta amorrua piztu da mundu zabaleko milioika pertsonen artean, justizia eta laguntza bermatu dadila eskatuz. 17 urteko emakume gaztea bere izebaren etxeko ate aurrean bahitu zuten hamar bat gaztek. Bahitzaileek apartaturik zegoen etxe batetara eraman zuten eta banan bana bortxatu ondoren, dirua kobratzen hasi ziren beste batzuek bortxatu zezaten. Torturatu egin zuten, zigarroekin errez, ebakiz, kolpatuz, urik eta janik eman gabe, dutxatzen utzi gabe… Gorputz guztian tatuatu dute, esbastika naziak ere egin dizkiote. Hori eta gehiago izan da Khadijak bi hilabetez bizi izan duen infernua.
Khadija familia apal bateko alaba da. Familiarekin egon diren batzuen arabera, bere gurasoek ez zuten poliziara jo bahiketa salatzera, eskualdean poliziak duen izaera ustelagatik. Aitak ez zuen salatu nahi alaba berreskuratu zutenean ere. Khadija bera izan zen kasua salatzera joan zena eta bahitzaileak identifikatu zituena. Gaur hasten da epaia.
Hala ere, beste behin ikusi behar izan dugu nola saiatu den biktima kriminalizatzen, nahasmena sortzeko. Akusatuen familiatik eta ingurukoetatik, komunikabide atzerakoien laguntzarekin, kanpaina bat hasi dute biktima iraintzeko eta gertaturikoaren errudun egiteko: bahitu dutenekin lehenagotik egoten zela esan dute, edaten eta erretzen zuela, errekan bainatzen zela, askotan ihes egiten zuela, etab. Hori guztia, abokatuaren hitzetan akusatuetako batzuk jada onartu dutenean egin zutena. Baina biktima kriminalitzeko kanpaina honek parez pare egin du talka jendeak mobilizazioetan Khadijarekin agertu duen elkartasunarekin.
Kasu honek modurik gordinenean erakusten du mundu guztian zehar emakumeok bizi dugun zapalkuntza egoera. Sistema honetan, bahituak, bortxatuak edo erailak izan gaitezke emakume izate hutsagatik. Sistema honek sortzen duen miseria, pobreziak eta dekadentzia sozialak langile familia apaletako emakumeak askoz gogorrago kolpatzea dakar. Hain gogor ezen Khadijak eta beste hainbat emakumek jasandako izugarrikeriara iritsi daitekeela.
Kasu hau ez da soilik Afrikako kontinentean edo “hirugarren mundukoak” deitu zaien herrialdeetan bakarrik gertatu daitekeen zerbait. Gainera, esan behar da, gizateriaren gehiengoa muturreko miserian bizi bada, hori multinazional handien eta potentzia inperialisten interesengatik dela. Hau mundu guztian emakumeok sistema patriarkal eta kapitalista batean bizi dugun zapalkuntzaren ondorio da. Urrunago joan gabe, hemen bertan eta urte honetan bertan ikusi dugu nola injustiziaren tribunalek La Manadako 5 bortxatzaileei inpunitatea eskaini dien, bortxaketa beharrean sexu abusua burutu zutela esatean. Ikusi behar izan dugu, nola aurreko astean Uharteko emakume bat senarrak kolpeka erail zuen. Eta zerrenda zabalagoa da.
Elkartasunak eta matxismoaren aurkako borrokak ez du mugarik. Emakume Aske eta Borrokalariak eta Ikasle Sindikatutik Khadijarekin elkartasuna adierazi nahi dugu eta jasan behar izan duen sufrimendua salatu nahi dugu. Behar duen laguntza guztia eskaini dadin eskatzen dugu eta zigor eredugarria erasotzaileentzat. Uharteko emakumearen erailketa ere salatu nahi genuke hemendik. Aurten, kaleetan sekulako indarra dugula erakutsi dugu eta gai garela behin betiko matxismoarekin eta hori sortzen duen sistema honekin amaitzeko. Horregatik jarraitu behar dugu kaleak hartzen, borrokatzen eta antolatzen. Hori da bide bakarra biktima bakar bat gehiago ez egoteko.
GORA MUNDUKO EMAKUME LANGILEON BORROKA