Emakume Aske eta Borrokalariak - Ikasle Sindikatua

Ez feminismo liberalik, ezta matxismo frankistarik ere!

Martxoaren 8ko greba orokor feminista baino egun batzuk lehenago, Ciudadanosek (Cs) ekitaldi publiko bat egin zuen eta bertan “feminismo liberala” defendatzeko dekalogo bat aurkeztu zuen. Gehiagotan ere saiatu da Albert Riveraren eta Ines Arrimadasen alderdia bere burua mugimendu feministaren zatitzat aurkezten, aberatsen alde egiten duen politika neoliberala zuritzeko.

Aberatsentzako pribilegioak

Sistemaren bozeramaile leialak direnez, Arrimadasen eta Villacísen feminismoa interes kapitalistak dauden tokian hasten da eta oligarkia ekonomikoaren poltsikoetan amaitu. Aurkeztu duten dekalogoak bi proposamen nagusi ditu. Ez dago inolako zalantzarik.

Lehenak planteatzen du enpresa handietako administrazio kontseiluetan emakume “arrakastatsuak” egotea galarazten duten oztopo “legalak” ezabatzea. Ez dute ezer esaten, ordea, amatasunagatik kaleratzea errazten duen lan erreforma indargabetzeaz, pentsioak eta emakume langilearen lan baldintzak hobetzeaz, ezta ere zaintzara eta etxeko lanetara kondenatzen gaituzten langabeziarekin, prekarietatearekin eta pribatizazioekin amaitzeaz.

Kasualitatea ote? Ez da oso bizkorra izan behar ohartzeko Arrimadas eta bere lagunek klase dominatzailearen interesak defendatzen dituztela, eta eliteko emakumeei atxikitako “eskubideak” sistema honek zapaltzen dituen emakumeen oinarrizko aspirazioak izango balira bezala aurkeztu nahi dituztela. Beren “feminismo liberala” koartada bat besterik ez da. Emakumeen gutxiengo bat beren kide gizonezkoen botere posizioetara igo ahal izatea planteatzen dute, herritarren gehiengoaren lan eta bizi baldintzak pobretzearen kontura, izan gizon, emakume, haur edo jubilatu.

Sexu esklabotza eta esplotazioa pobreentzat

Beren dekalogo “feministaren” beste zutabe bat prostituzioa eta alokairuzko sabelak erregulatzea da, “norbanakoaren askatasunaren” izenean eta “paternalismoaren aurka”. Kapitalismoaren apologisten moduan, Villacis eta Arrimadasek “askatasunaz” hitz egiten digute, baina ez dugu askatasunez erabaki pobreziara, soldata baxuetara edo langabeziara kondenatzen gaituen gizarte batean bizi irauteko borrokatzea.

Egunero 5 milioi euro mugitzen dituzten 1.700 burdel baino gehiagotan, 400 eta 600 mila emakume inguru daude harrapaturik esklabu sexual gisa, gehienak pobreak eta migratzaileak. Orain, beste hainbat herrialdeetan bezala, negozio ikaragarri horren nagusi den lobby proxenetak kanpaina indartsua abiatu du muturreko indarkeria matxista hau erregulatzeko. Eta horretan laguntzen diete botere enpresarialek, irabaziak bertan zuritzen dituzten banku handiek, poliziak, justiziak eta hainbat komunikabidek, eta noski, neoliberalismoaren bozeramaile diren Ines Arrimadas eta Albert Riverak.

Gauza bera esan daiteke “alokairuzko sabelak” izena eman dieten ugaltze granjen inguruan. Emakume behartsuak baliabide ekonomikoak dituztenen legezko biktima gisa kokatu nahi dituzte. Hori egin nahi dute egunero haurren aurkako indarkeria eta bazterketa soziala milioika haurrek jasaten duten bitartean.

Berdintasuna eta askatasuna gizartea eraldatuz soilik lortuko dugu

Mugimendu feministaren barnean ahots batzuek planteatzen dute gure borrokak izaera transbertsala duela, emakume guztiok, berdin dio zein klase sozialetakoak diren, helburu berbera dugula. Diskurtso horrek jasaten dugun zapalkuntza genero auzi huts batera murriztu nahi du. Baina errealitatean, Villacís, Arrimadas, Ana Patricia Botín eta Angela Merkel bezalako emakumeek ere ardura zuzena dute sistema kapitalista, patriarkatua eta klaseko zapalkuntza ezartzen eta, beraz, jasaten dugun indarkeria matxista inposatzen. Bankuetako eta multinazional handietako administrazio kontseiluetan erabakiak hartzen dituztenean edo legeak egiten dituztenean, klase dominatzailearen osotasunaren interesak defendatzeko egiten dute. Berdin dio emakumeak izan ala ez. Ororen gainetik sistema eta politika atzerakoiak defendatzen dituzte, gehiengoaren aurka, izan gizonezko edo emakume.

“Feminismo liberal” honek ez du inolako arazorik PPren edo Voxen matxismo frankistarekin aliatzeko inolako arazorik, gure eskubideak erasotzeko, boteretsuen pribilegioak defendatzeko, eta bortxatzaileak babesten dituen justizia patriarkala justifikatzeko.

M8ko greba historikoan oso mezu argia bidali genien Colonen hirukoteari: Ez zarete pasako! Apirilaren 28 honetan hautestontzietan garaituko ditugu irmotasun berberaz, Baina ez da nahikoa bozka ematea. Gizartea eraldatzeko antolatzean dago gakoa, benetako askapena eta berdintasuna lortzeko, sistemak asimila edo etxekotu ezin dezakeen mugimendu feminista borrokalaria altxatuta.

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu