Martxoak 6ko argazki eta bideoak. Ekuador etxearen bideoa (Bilbo)

Martxoak 8ko argazki eta bideoak

(enlace al artículo en castellano)

Joan den martxoaren 6an, ikasleok greba feminista egin genuen Hego Euskal Herrian ere, grebaren beharra aldarrikatuz eta martxoaren 8an mobilizatzeko deia indartuz. Estatu mailan bi milioi ikaslek baino gehiagok bat egin zuten Ikasle Sindikatuak eta Emakume Aske eta Borrokalariek deitutako greba honekin, eta 40 manifestazio baino gehiagotan 100 mila gaztek baino gehiago kaleak hartu genituen. "Ez dira pasako!" leloarekin indarkeria matxistaren aurka eta Vox, PP eta Cs alderdien erasoaldi frankistaren aurka mobilizatu ginen.

Halaber, zuzenean salatu genuen EAJko euskal eskuina ere, EHko emakume langileek jasaten duen prekaritatearen lehen erantzulea baita, eta baita hezkuntzaren pribatizazioaren bidez iherarkia katolikoari ikasgeletan bere diskurtso matxista eta homofoboa baimentzen diona. Gure aldarria PSOE-UPren gobernuari ere zuzendu genion: aski da, epelkeriez, atzera pausoez eta desmobilizatzeaz. Ez ditugu diskurtso politak nahi, ekintza irmoak baizik.

Aurten ere, M-8ko manifestazio jendetsuetan EHko, Estatu mailako nahiz nazioarteko plazak gainezka egin zuten, mugimendu honen borondatea eta irmotasuna adieraziz. Emakume zapalduen eskubideen aldeko borroka masiboa klase borrokaren adierazpen garrantzitsuenetako bat da mundu mailan. Hala erakusten dute, halaber, Latinoamerikan, Argentinan edo Kolonbian, egin diren manifestazio izugarriek, edota martxoaren 9an Txile eta Mexiko bezalako herrialdeetan egin den greba orokor feministen deialdi historikoak; izan ere, milioika pertsona atera dira kalera sistema bortitz eta zapaltzaile horren aurka.

M-6: Ikasleok bai egin genuela greba feminista

Gazteon marea moreak kaleak hartu ditu aurten ere. M-6an, Euskal Herrian, zaparraden eta kazkabarraren azpian 3 mila gazte baino gehiagok parte hartu genuen hiriburuetako manifestazioetan. Bilbon, gure alboan izan genituen Etxez-etxeko laguntza zerbitzuko langileak EAJren pribatizazio politiken eta murrizketen ondorioz borrokan jarraitzen dutela azalduz, jasaten duten zapalkuntza basatiaren aurrean.

Bartzelonan, Tarragonan eta Kataluniako gainerako hiriburuetan, 60.000 gaztek baino gehiagok betetzen zituzten kaleak. Madrilen 15.000 baino gehiago izan ziren Puerta del Soletik Alcalá kaleko Berdintasun Ministerioraino manifestazioan; 10.000 baino gehiago Valentziako probintzian (Valencia, Alacant eta Castelló); beste 15.000 baino gehiago Andaluziako zortzi manifestazioetan, Murtzian, eta milaka Galizian, Asturiasen, Gaztela-Leonen, Gaztela Mantxan, Kanarietan, Balear Uharteetan… Giroa benetan elektrikoa eta bereziki borrokalaria izan zen mobilizazioetan.

Kaleak aldarrikapenez bete ziren ostiralean, etxean egindako milaka kartel eta pankartekin eta oihukatzen ziren kontsignekin: Patriarkatua eta kapital aliantza kriminala! Feminista eta antikapitalista! Gora borroka feminista! Zuek faxistak zarate terroristak! Erasorik ez, erantzunik gabe! Baita “Els carrers seran feministes!” “¡El adoctrinamiento viene del convento!” “¡El adoctrinamiento viene del convento!“ oihukatu ziren besteak beste.

M-6ko egun handiak berretsi egiten zuen, halaber, Ikasle Sindikatuak, Emakume Aske eta Borrokalariek eta Ezker Iraultzaileak Estatu mailan M-8ko batzarretan defendatu duguna: aurten ere langileen greba orokor feminista egiteko beharra, mugimendu sindikala eta kolektibo eta batzar guztiak inplikatuz, 2018an eta 2019an egin zen bezala. Tamalez, CCOO eta UGT sindikatuekin eta orain Gobernua osatzen duten alderdiekin lotuta daudenek uko egin diote proposamen hori onartzeari.

Gaitzespen horretarako argudioak, gure ustez, okerrak eta kaltegarriak izan dira. Greba feministak Gobernu berria ahulduko lukeela argudiatzeak ez du zentzurik. Egia esan, greba orokor berri baten bidez gure indarra erakustea da PP, Vox eta CS alderdien bloke erreakzionarioari kolpe handiena emateko modurik eraginkorrena. Aldi berean, ezinbestekoa da PSOE eta Unidos Podemosen gobernua kaleko mobilizazioaren bidez behartzea gure aldarrikapenak benetan bete ditzaten.

Euskal Herrian berriz, urtarrilaren 30eko greba orokorraren arrakastaren ondoren, aukera paregabea zegoen honi martxoan jarraipena emateko. Martxoaren 8an emakume gazte eta langileek eta orokorrean langile klaseak erakutsi duen protagonismo eztabaidaezinak eta indar paregabeak argi utzi du bazegoela indarra beste greba orokor bat egiteko, eta mugimendu honi ezinbestekoa den klaseko edukia emateko: patronalaren zerbitzura dagoen EAJ-PSEren Eusko Jaurlaritzaren murrizketa eta pribatizazio politiken aurka, seinalatuz langile klaseko emakumea bereziki zapaltzen duen errealitate gordina.

Borroka sindikalaren lehen lerroan daude gaur egun emakumeak: garbitzaileak, etxez-etxeko langileak, jantokiak, erresidentziak…. Gehiengo zabala administrazioak pribatizatzen dituen zerbitzuak dira. Horren erantzuleak ordea, EAJko politikariak batez ere, paparrean lazo morea jarrita martxoaren 8an manifestaziora etortzen ausartzen dira, eta instituzioetatik ahalegin guztiak egiten dituzte mugimenduaren klaseko izaera antikapitalista ezabatzeko. Urtarrilean ikusi genuen bezala, grebak zuzenean seinalatzen eta erretratatzen du horien hipokresia.

Indarkeria matxistak errealitate izaten jarraitzen du, hala nola justizia patriarkala, prekarietatea, lan eta soldata desberdintasuna, zaintzaren zapalkuntza, mendekotasunean eta hezkuntza publikoan egindako murrizketak edo etxegabetzeak. Ezin dugu mugimendu feministan klaseko auzia lausotu dezaten onartu. Gure eskaerak bete egiten direla eta benetako aldaketa dagoela bermatu behar dugu, eta gure mugimenduaren indarra handituz baino ez dugu lortuko. Greba orokor feministak estrategia horren funtsezko pieza izaten jarraitzen du.

PSOE-UP gobernua. Ez ditugu hitzak nahi, ekintzak baizik!

Gazteriaren aldarri hori PSOE-UP gobernuari ere zuzenduta zegoen. Izan ere, M-8ko aste berean, ez kasualitatez, Irene Montero Berdintasun ministroak Ministro Kontseiluan onartutako Sexu Askatasunaren Lege Aurreproiektu berria aurkeztu zuen.

Kaleetatik erantzun diogu: legeek gure eskubideak aitortzea nahi dugu noski, baina ez da nahikoa. Lege zirriborro horrek ez du bermatzen beteko denik, izan ere, hasteko betearazi beharko lukeen epailetza frankista eta matxistez josita baitago.

Bigarrenik, auzi nagusi bat kanpoan uzten da: prostituzioaren abolizioa, esplotazio eta emakume pobreen aurkako indarkeria modurik basatiena. Noiz izango da zapalduenak esplotatzearen kontura aberasten direnak jazarri eta desjabetzeko unea?

Hirugarrenik, non daude indarkeria egoera jasaten duten emakumeak benetan hortik ateratzeko behar diren baliabide materialak? Bankari handien, patronalaren, Eliza katolikoaren goi hierarkiaren eskuetan egoten jarraitzen dute. Ezinbestekoa da haien aurka egitea, eta baita egunero zapaltzen eta paparrean lazo morea jartzen dutenekin ere. Erreforma txikiek edota jada kalean borrokatuz lortu duguna idatziz jartzeak – Manadako epaiaren kasuan bezala – ez dute gure egoera konponduko.

Ikasgeletako matxismoarekin amaitzeko, honako hau eskatzen dugu: "Guraso-PINa" legez debekatzea, berehala ezartzea sexu-hezkuntza inklusibo eta askeko ikasgai ebaluagarria, hezkuntza-murrizketekin amaitzea eta euskal eskola publikoko sare bakarra, euskalduna eta kalitatezkoa!

M8 kaleak gainezka, muturreko eskuinaren eta atzerakoien aurka

M-6an oihukatzen ziren kontsigna berberak entzuten ziren M-8ko manifestazioetan ere, muturreko eskuinaren eta eskuinaren aurka. Vox eta Ortega Smith bezalako buruzagiek martxoaren 8a "ahazteko data" zela adierazi zuten, eta Rocio Monasteriok "akelarre" bezala kalifikatu zuen. Baina kaleetako jendetzak ondo baino hobeto erantzun zioten diskurtso faxista eta matxista horri eta eskuineko alderdiek beste urte batez gure mugimenduaren klaseko eduki antikapitalista diluitzeko egindako maniobrei emandako erantzunik onena.

CS eta PPko emakume batzuk publikoki atera dira esanez feministak direla eta martxoaren 8an joango zirela, EAJk egin ohi duen moduan. Berriro ere, "Emakume guztiak" barrikadaren alde berean gaudela dioen ideia faltsua sartu nahi dute. Baina ezagutzen ditugu trikimailu horiek, eta, ondo dakigu ez dituztela zapalduen eskubideak defendatzen, ez direla gure aliatuak, baizik eta gure esplotazioaren arduradun direla.

M8 honen indarra eskuin muturrari, eskuinari eta atzerakoiei aurre egiteko moduaren erakustaldirik onena izan da. Diskurtso parlamentarioen edo erabat alferrikakoak agertu diren "fronte konstituzionalisten" aurrean, masen borroka da bidea. Faxismoaren aurkako borroka, altxatu dugun mugimendu boteretsuaren berezko ezaugarria da. Izan ere, sistemaren zerbitzura dauden komunikabideek kontrakoa sinetsarazten saiatu arren, hau ez da emakumeen eta gizonen arteko borroka, zapalduen eta zapaltzaileen artekoa baizik. Hala, martxoaren 8a jardunaldi historikoa izan da berriro, eta argi utzi nahi izan dugu langileak garela kaleak bete ditugunak, familia xumeetako emakume gazteak, esplotatuak, gure gizonezko kideekin batera borrokatzen dugunak.

Feminismo iraultzaile eta antikapitalista baten alde

Aurtengo martxoaren 6ak eta 8ak agerian utzi dute mugimenduaren irmotasuna, gazteak buru direla. Ez dugu onartuko gure eskubide demokratikoetan atzera pausorik, benetako berdintasunaren alde eta sistema kapitalistak kondenatzen gaituen zapalkuntzaren aurka borrokatzen jarraituko dugu. Eskubide garrantzitsu bakar bat ere ez da lortu parlamentuetan; kaleetako borroka masiboaren ondorio izan dira guztiak. Horregatik defendatu behar dugu feminismo iraultzaile eta antikapitalista bat, gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borrokatuko duena. Arazoaren erroari erasoz bakarrik apurtu ahalko ditugu gure kateak, eta horrela lortuko dugu matxismorik eta zapalkuntza sozialik gabeko gizartea eraikitzea!

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu