150.000 gaztek Emakume Aske eta Borrokalarien manifestazioak bete dituzte

Hemen argazki eta bideo galeria

2023ko martxoaren 8a indar eta determinazio masiboaren eztanda izan da, inspirazio iturri bikaina. Eskuin mediatikoaren kanpaina izugarriaren gainetik, PP eta Vox eztarria urratu arte zaunkaka aritu diren arren eta PSOEren etengabeko lan zikina gorabehera –horretarako EAJren laguntza paregabearekin –, feminismo borrokalariak egun historikoa marraztu du berriro.

Milioika emakumek parte hartu dugu Hego Euskal Herriko eta Estatu osoko geografia zeharkatu duten ehunka manifestaziotan. Eta bertan milaka izan gara justizia patriarkala, matxista eta faxista, genero-indarkeriaren negazionista diren eskuin eta ultraeskuina aktiboki salatu ditugunak. Era berean, euskal eskuinaren hipokrisia ere seinalatu dugu, praktikan bide guztietatik erasotzen baitu emakume langilea eta hori oso argi ikusi dugu Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen edo Osakidetzako garbitzaileen aurkako errepresioa eta karga polizialak agindu dituenean. Eta, jakina, zuzenean salatu dugu sigla sozialisten atzean ezkutatzen den alderdi hori ere. PSOEko buruzagiek, Carmen Calvok, esaterako, programa transfobo eta homofobo baten defentsan murgildurik daude, ez du inolako zerikusirik egunero emakume langilearen eta zapalduen eskubideen alde borrokatzen duen feminismoarekin.

Martxoaren 8 benetan garrantzitsua izan da, baita ere, gazteak lehen lerroan egon garelako. Ikasle greba feminista, Emakume Aske eta Borrokalariak, Ikasle Sindikatuak eta Ezker Iraultzaileak antolatua, arrakasta izugarria izan zen: ikasgelak hustu genituen, milioi bat ikasle baino gehiago greban zeudela. Nabarmenena ordea, 150.000 gazteren parte hartzea izan zen, goizean antolatu genituen 30 manifestazio baino gehiago betez, giro borrokalari eta sutsuan. Zalantzarik gabe, amorrua borborka ateratzen zen milaka eztarritatik, baina bazegoen zoriontasun kolektiboaren sentsazioa ere, hainbeste eta hain indartsuak izateagatik: “Zuek matxistak zarete terroristak”, “Gora borroka feminista”, “patriarkatu kapitala, aliantza kriminala”, “Gauak, kaleak, geureak dira”, “Ez gaituzue geldituko” eta “Borroka da, bide bakarra!” izan ziren oihukatu ziren aldarrikapenetako batzuk.

Kopuruek argi uzten dute borroka feminista iraultzaileak gazteen kontzientzian duen sakoneko indarra. Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko mobilizazioetan 10.000 ikasle baino gehiago izan ginen, hainbat langileren babesarekin. Bartzelonak manifestazio jendetsua egin zuen: 75.000 gazte baino gehiago Kataluniako hiriburuko arteria nagusiak gainezka jarriz, eta milaka gazte Tarragonan, Lleidan eta Gironan. Madrilen 30.000 lagun joan ginen Puerta del Sol betetzen eta GranVía kolapsatzen Justizia Ministerioraino, non Coral Latorrek, Libres y Combativaseko eta Sindicato de Estudianteseko bozeramaileak, mitin elektriko bat eman zuen eserita zeuden milaka lagunen aurrean. Indar bera ikusi zen beste lurralde batzuetan: 10.000 baino gehiago Valentzia, Elx, Alacant eta Castellóren artean, 8.000 baino gehiago Sevillan, Malagan, Granadan, Cadizen, Jaenen, Almerian, Huelvan eta Kordoban, 4.000 inguru Oviedon eta Gijonen, eta beste milaka gehiago Coruñan, Ferrolen, Vigon eta beste hainbat herritan.

Arrakasta itzel honek agerian uzten du, lehenik eta behin, gazte eta ikasleok ez dugula atzerapausorik emango indarkeria matxistaren, justizia patriarkalaren eta sistema honen aurkako borrokan. Bestalde, azken mitinean adierazi genuen bezala, terrorismo matxistaren errudunak ez direla eraso egiten digutenak bakarrik:

“Gaitz hau Estatuaren aparatuak eta justizia faxista batek onartzen eta babesten dute. Gerra deklaratu digute, orain “Soilik bai da bai” legearen aurkako ofentsiba erreakzionarioarekin ikusten dugun bezala.

Baina ez gaituzte engainatuko. Epaileen, PPren, Voxen eta haien komunikabideen eraso amorratu hori ez da soilik lege baten aurkakoa. Mugimendu feminista osoaren aurkako erasoa da. Gure etsaiek ezin dute onartu borrokari esker milioika emakumek gehien sentitzen duten aldarrikapenetako bat lortzea eta eskubideetan aurrera egitea. Horregatik, erreakzionario hauek mendeku bila dabiltza.

Hala ere, badirudi hori berdin zaiola PSOEri, eta berriro belaunikatzen direla erreakzio politiko eta mediatikoaren aurrean. PSOEk, PPrekin eta EAJrekin batera, 'Soilik bai da bai' legea aldatzea bozkatu zuten, sexu eraso bat ulertzeko funtsezko elementu gisa baimen askea kentzeko. Hori, praktikan, abusuaren eta bortxaketaren arteko bereizketa berreskuratzea da. Hau da, errua berriro guri egoztea. Berriro ere geuri galdetzea, asko edo gutxi egin genuen aurka edo hankak ondo itxi genituen.”

Emakume Aske eta Borrokalariak, Ikasle Sindikatuak eta Ezker Iraultzaileak argi dugu borroka dela bide bakarra. Ez daudenengatik, etortzear daudenengatik eta etsitzen ez dugunengatik. etorkizuna dena aldatzeko borrokatzen dugunona da. Aurrera!

Batu Emakume Aske eta Borrokalarietara, indartu feminismo iraultzailea eta antikapitalista!

Emakume Aske eta Borrokalariak

Eraiki gurekin feminismo antikapitalista eta iraultzailea

Catalá y Castellano

logoIR

Jarrai gaitzazu