Karta irekia gure anai-arreba errefuxiatuei
Ongi etorri!
Azken asteetan zuen aurpegietako sufrimenduzko eta etsipenezko irudiek kolpatu eta hunkitu egin gaituzte. Suntsiketatik eta miseriatik alde egiteko bide luze eta gogorra ari zarete egiten. Sumindu eta haserrez bete gara poliziak nola kolpatzen zintuzten ikustean edo Europa “zibilizatuko” gobernuek baldintza miserableetan plazetan, tren geltokietan eta alanbradaz inguratutako guneetan, janari eta urik gabe, osasun harretarik gabe, aterpe duinik gabe, pilatu zaituztenean. Errealitate anker honek gure familien historia gogorarazten digu, gure aiton-amona asko diktadura frankistatik ihes eginez erbestera joan zirenekoa. Leporaino beteta zeuden itsasontzietan edo ilara amaigabeetan umeekin, gosearekin, hotzarekin… ibili ziren zuek bezala. Milaka hil ziren kontzentrazio esparruetan.
Ondo ezagutzen ditugu basakeria honen arduradunak. Rajoy, Merkel, Cameron eta gainontzeko agintari europarrak dira zuen etxeak, zuen ospitaleak eta ikastetxeak, zuen hiri eta bizitzak suntsitzen dituzten gerrak babestu eta finantzatzen dituztenak. Gure herrietan hezkuntza, osasuna eta eskubide sozialak suntsitzen urteak daramatzaten berberak dira, beren etxeetatik milaka familia kaleratu dituztenak, langabeziara kondenatzen gaituztenak eta hemen kentzen diguten etorkizun hobe baten bila atzerrira joatera behartzen gaituztenak. Kapital handien, banku handien, multinazional handien eta armen industriaren zerbitzura dauden gobernuak dira. Prest daude sufrimendu latz hau guztia eragiteko, horrekin beren irabaziak handitzen badituzte. Telebista kameren aurrean sarraski honekin larrituta daudenaren itxura egiten dute, baina beraiek dira zuen sufrimenduaren amesgaiztoa sortu dutenak.